Ezkerretik eskuinera: Óscar López Campus Iberusen zuzendari exekutiboa, Alfonso Carlosena errektorea, eta Cristina Bayona Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea, Demola Programaren aurkezpenean
Hamabi entitatek (haietako bost, Nafarroakoak) hamabost erronka sozial eta teknologiko bultzatu dituzte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) beste unibertsitate batzuekin osatzen duen Campus Iberuseko ikasleek eta egresatuek lankidetzan ebatz ditzaten. Unibertsitateen eta erakunde nahiz instituzioen arteko elkarlanerako ekimen berritzaile hori Demola Programaren III. edizioari dagokio, zeinean oraindik ere “online” izena emateko aukera baitago, azaroaren 19ra arte, https://campusiberus.demola.net/apply web orrialdearen bitartez.
Demola Programaren inaugurazio ekitaldia NUPeko Arrosadiko campusean egin da, Iruñean, eta bertan izan dira Alfonso Carlosena errektorea; Cristina Bayona Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; Óscar López Campus Iberusen zuzendari exekutiboa; eta Rafael Continente Demola Programaren arduraduna. Ekitaldiaren bideoa ikusgarri dago jada NUPen webgunean.
Erronketako zazpi Nafarroako Foru Erkidegoko bost entitatek bota zituzten, hots, Iruñeko Udalak, Eguesibarko Udalak, Nafarroako Rural Kutxak, Florette enpresak eta Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioak. Horiei, Crealmat, Ecoembes, El Naturalista, Fundación Lares, MZ, Santos Ochoa eta Xtrategics enpresek proposatutakoak ere gehitzen zaizkie. Gaiak askotarikoak dira, hala nola teknologia berriak eta komunikazioa, “coliving”erako eta “coworking”erako espazio baten definizioa, irakurketaren sustapena edo adinekoentzako arreta. Horietako bakoitzaren informazioa eskuragarri dago Campus Iberusen webgunean.
Demola Programa eta Campus Iberus
Finlandian sortua eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OCDE) eta Europako Batzordeak aitortua, Demolak hogei nodoko nazioarteko sarea osatzen du gaur egun. Horietan, 1.500etik gora ikaslek eta ehun enpresak 250 proiektu inguru gauzatu dituzte, eta, horietatik, % 90ek baino gehiagok merkataritza-ustiapena izan dute. Programa xehetasun handiagoz ezagutarazteko, NUPeko instalazioetan filmatutako bi azalpen-bideo editatu dira; bata, ikasleen ikuspuntutik, eta bestea, aldiz, enpresen ikuspuntutik.
Aurreko Demola Programetan, Campus Iberuseko 35 ikaslek eta tituludunek parte hartu zuten, eta erantzunak eman zizkieten Aragoiko, Nafarroako, Kataluniako eta Errioxako bederatzi entitate publikok eta pribatuk proposatutako erronkei.
Campus Iberus Ebroko erdialdeko ibarreko unibertsitate publikoen (Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateak eta NUP) aliantza estrategikoa da. Hala, 58.000 bat unibertsitate-ikasle dauzka, graduko 150 titulutan, eta doktoretzako 3.200 ikasle, 78 doktoretza-programatan banatuta. Eskaintza akademikoa 154 master ofizialekin eta 181 titulu berekirekin osatzen da. Bestalde, guztien langileak batuta, 5.400 irakasle eta ikertzaile (I-I) daude, eta administrazio eta zerbitzuetako 3.200 langile (AZL).