Ultrasoinuak erabiltzeak aukera ematen du objektu txikiak atzeman eta manipulatzeko kontaktu fisikorik gabe, munduko lehen soinuzko izpi traktoreari esker, zeinen eraikuntzan Asier Marzo Pérez (Iruñea, 1986) ingeniari informatikoak parte hartu baitu. Ikerketa honen emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri den doktoretza tesi baten parte dira, eta etorkizunean ordenagailuekiko elkarrekintzan erabiltzen ahalko dira, batez ere medikuntzan, esaterako giza gorputzaren kanpo aldetik manipulatzeko odol-bilduak, giltzurrunetako harriak, kirurgia-tresnak edo botikak dituzten kapsulak.
Izpi traktorea "sorta akustiko bat da, objektuak urrutitik eta kontakturik gabe atzeman eta goratzeko indar-eremu bat sortzen duena, eta gainera, partikulak jaulkipen-iturrirantz erakartzen ahal dira", Asier Marzok ematen duen definizioaren arabera. Kontzeptu hau erabilia izan da zientzia fikzioko idazleen artean eta zenbait filmetan, esaterako, “Star Trek” edo “Star Wars” film sailetan, eta betidanik liluratu ditu zientzialariak eta ingeniariak. Asier Marzo liderra izan da ikerketa horretan, Bristolgo eta Sussexeko Unibertsitateekin eta Ultrahaptics enpresarekin batera garatu dena, zeinari esker lortu baita izpi traktore funtzional bat eraikitzea. Izpiak intentsitate handiko soinu-uhinak erabiltzen ditu, eta objektu txikiak atzeman eta mugitzeko gauza da. Emaitzak “Nature Communications” aldizkarian argitaratu dira..
Alabaina, potentzialitate handiena duen erabilgarritasuna medikuntzan datza, zeren "soinua uretik eta giza gorputzetik zehar bidaiatzen baita". "Beraz, giza gorputzaren kanpotik manipulatzen ahal dira gure gorputzean dauden partikulak. Partikula horiek giltzurrunetako harriak, kirurgia-tresna txikiak, odol-bilduak edo botikak dituzten kapsulak izan daitezke", esan du.
Miniaturako bozgorailuak
Objektuak airean manipulatzeko, itxura batean grabitateari erronka eginez, Asier Marzok miniaturako 64 bozgorailu erabili ditu. Bozgorailu hauek maiztasun eta intentsitate handiko uhinak jaulkitzen dituzte, eta soinu-holograma bat sortzen dute. Trakzio-izpiak objektua intentsitate handiko soinuarekin inguratuz lan egiten du. Horrek indar eremu bat sortzen du, objektua leku horretan mantentzen duena. Bozgorailuetako irteera kontu handiz kontrolatuz, posible da objektua mugitu eta biraraztea.
Indar-eremu akustikoek hiru dimentsioko formak sorrarazten dituzte, "partikulak atzeman eta manipulatzen dituzten pintza, traganarru edo botilenak". "Tranpa akustiko hauek emititzen ahal dira baita gainazal leun baten gainean jartzen direnean ere. Lehenagoko lanetan, beharrezkoa zen partikulak bozgorailuz inguratzea, eta manipulazioa ez zen hain moldaerraza eta erosoa". Lan honen ondoren, ahalezkoa da partikulak atzeman eta manipulatzea soinu-sorta edo izpi traktore batekin", gaineratu du Asier Marzok. Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko Óscar Ardaiz Villanueva irakasleak zuzendu du tesia.
“Hardwarearen" eta “softwarearen" artean
Doktoretza tesiaren gaia izan da "hardwarea" eraikitzea hamarka bozgorailu txikik jaulkitako uhinak kontrolatzeko, eta "softwarea" garatzea soinu-eremua simulatzeko.
Ikerketa honen aplikazioen artean, medikuntzako erabilera alde batera utzita, beste hau ere bada: partikula lebitatzaileak erabitzea "gizona-makina elkarrekintza interfaze berriak sortzeko". "Esaterako, airean flotatzen dauden eta pixel fisikoen moduan jokatzen duten ehunka partikulak osa lezakete etorkizuneko 'display' delakoa", esan du Asier Marzok.
Asier Marzok berak azaldu du bere ikerketa zertan den NUPek YouTuben duen kanaleko bideoan: https://youtu.be/Qlq5clzE9qQ
Curriculum laburra
Asier Marzo Pérezek Kudeaketako Informatikako Ingeniaritza Teknikoko titulua atera zuen (2007), Ikasketen Amaierako Aparteko Sariarekin, eta gero Informatikako Ingeniaritza titulua (2009) Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non Informatikako Teknologietako Masterra ere egin baitzuen.
Ikertzaile moduan, zientzia aldizkarietan argitaratutako bost artikuluren egilea da, eta nazioarteko biltzarretako hogei ponentziarena. Lan esperientziari dagokionez, bideojokoak garatu ditu eta "software" ingeniaria izan da. Gaur egun, ikertzaile laguntzailea da Bristolgo Unibertsitatean