Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egoitza duen Jaime Brunet Fundazioak Giza Eskubideen Sustapenari buruzko Doktoretza Tesi Hoberenaren I. Sarirako deialdia egin du. Saria 2.000 euro eta tesia argitaratzea izango da, eta Espainiako edozein unibertsitatetan 2014ko irailaren 1etik 2016ko abuztuaren 30era arteko tartean  irakurritako doktoretza tesiek parte har dezakete, baldin eta bikaina edo bikain "cum laude"  kalifikazioa lortu badute eta beren edukiak harreman zuzena dutenean giza eskubideekin eta haien defentsa eta sustapenarekin. Lanak aurkezteko epea heldu den irailaren 30ean bukatuko da.

Doktoretza tesiek espainieraz edo ingelesez idatzita egon behar dute. Ez dute sarira aurkezteko aukerarik izango finantzaketa lortzeko edo beste edozein erakundek sarituak izateko aurkeztu diren tesiek. Alabaina, defenditu ziren unibertsitatean  aparteko saria lortu zutenek bai, horiek aurkezten ahalko dituzte.

Gradu eta masterrerako beste sari bat

Gainera, Brunet Fundazioak Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzako III.  Unibertsitate Sarirako deialdia ere egin du. Saria Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei zuzentzen zaie. Aurten masterreko ikasleek ere parte hartzen ahalko dute, eta ez bakarrik gradukoek, orain arte bezala. Sariak ikasketa amaierako lanik onena aitortzen du, zeinaren edukiak zerikusia baitu pertsonen eskubideen defentsa eta babesarekin, garapenerako lankidetzarekin eta testuinguru hauskorretan dauden pertsonen egoera hobetzearekin.

Gradu eta master amaierako lanek ikuspuntu asko har dezakete: juridikoa, ekonomikoa, osasunekoa, soziala eta zientifiko-teknologikoa. Gradu eta master amaierako lanek 2016an zehar defendituak izan behar dute. Aurkezteko epea urriaren 10ean amaituko da eta irabazleak 2.000 euroko saria eramango du.

Bai Doktoretza Tesi Hoberenaren Jaime Brunet I. Sariaren nola Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzako Jaime Brunet  III. Unibertsitate Sariaren oinarriak kontsultatzeko moduan daude Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean.

Sari hauekin, Fundazioaren Patronatuak nahi du ikasleek interesa har dezaten giza eskubideei buruz, hau da, hauen egoerari edo babesari buruz, honen inguruko salaketak egin edo hobekuntzak proposa ditzaten, eta aldi berean, unibertsitate ikasketak bukatzen dituzten ikasleen ahaleginak saritu nahi dituzte.

Fundazioa eta Jaime Brunet Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero Nazioarteko Sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Guztira, Fundazioak 1998. urtetik hamazazpi Jaime Brunet Nazioarteko  Sari eman ditu, azkena  2015ean Thelma Esperanza Aldana Hernández Guatemalako fiskal nagusiari.

Sariak Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992) filantropoari zor dio bere izena, zeinak bere ondarea oinordetzan utzi baitzuen, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.