Joan eduki nagusira

zoom NUPek argitaratu duen liburuaren azala

NUPek argitaratu duen liburuaren azala

Nafarroko Unibertsitate Publikoak (NUP) “Líderes para el pueblo republicano” izeneko liburua argitaratu du. Liburuak XIX. mendeko bigarren erdiko Espainiako errepublikanismoko lidergo politikoa aztertzen du, eta Demetrio Castro Alfín katedradunak koordinatua da.

Demetrio Castrok berak eta beste hiru unibertsitatetako bost irakaslek José María Orense, Manuel Ruiz Zorrilla, Emilio Castelar, Francisco Pi y Margal, Nicolás Salmerón eta Alejandro Lerroux bezalako pertsonaiak aztertzen dituzte, beren ezaugarri pertsonalak, jokabideak edo aldaketarako ikuspegi politikoak kontuan hartuta. Elementu hauek denek "eragiten dute, modu erabakigarrian, errepublikanismoko zenbait protagonistaren izaera berezian", liburuaren koordinatzaileak dioenez, Pertsonaia hauek aukeratu izan dira "hiritarrak edo herri errepublikanoa", inguruabarren arabera, deitu izan zen "etengabeko eraikuntzan zegoen subjektu kolektibo baten gidari eta liderrak" izan zirelako.

Egileek, politikari bakoitzaren irudi orokorra erakutsi baino, lidergo-prozesuak aztertu dituzte, eta horretarako ikertu dituzte liderren, jarraitzaileen eta testuinguruaren arteko erlazioak. “Lidergo politikoari buruzko teorietatik abiaturik —azaldu du Demetrio Castrok—, hemeretzigarren mendeko lidergo politikoaren estiloak nolakoak ziren atzematea da kontua, azpikultura errepublikanoen barruan, pertsonai errepublikano garrantzitsuen berdintasun eta ezberdsintasun elementuak aurkituz, azkenean lidergo eraldatzaile bat erakusten dutena; hau da, eraldaketa handiak egin nahi zituena, ez bakarrik XIX. mendeko Espainiako gizartearen baldintza objektiboetan, baizik eta hiritarren lorratz moraletan ere".

Demetrio Castroz gain, beste hauek ere izan dira liburuaren egileak: Ángel Duarte Montserrat, Gironako Unibertsitateko Historia Garaikidearen katedraduna; Antonio Robles Egea, Granadako Unibertsitateko Zientzia Politikoa eta Administrazio-zientziaren katedraduna; eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko hiru irakasle: Raquel Sánchez García, Historia Garaikidean aditua, eta Gregorio de la Fuente Monge eta Jorge Vilches García, biak Pentsamenduari eta Mugimendu Sozial eta Politikoei buruzko adituak.

Oxford eta Harvard

Obraren koordinatzailea, Demetrio Castro, NUPen Pentsamenduari eta Mugimendu Sozial eta Politikoei buruzko katedraduna izateaz gain, "visiting fellow" da (ikertzaile bisitaria) Oxfordeko Unibertsitateko St. Anthony Collegen (Erresuma Batua), eta "visiting scholar" (irakasle bisitaria) Harvardeko Unibertsitateko Minda de Gunzburg Center for European Studiesen (Estatu Batuak). Bere azken linuruen artean aipatzekoak dira “Burke, circunstancia política y pensamiento” eta “Robespierre, la virtud del monstruo”.

Liburuak 19 euroko salneurria dauka, paperezko edizioan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Zientzien Bildumaren barruan argitaratu da. Demetrio Castrok zuzendu eta Espainako Gobernuak finantzatu duen ikerketa proiektu baten ondorioa da, "Lidergo politikoaren estiloak. Kasu baten azterketa: Espainiako errepublikanismoa XIX. mendearen bigarren erdi aldean" izena duena.