Joan eduki nagusira

zoom José María Uribe

José María Uribe

José María Uribe Oyarbide, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Antropologiako irakaslea da. Liburu bat koordinatu du, zeinean hainbat adituk medikuntza antropologiak Europako hegoan azken 30 urteetan eduki duen bilakaerari buruz gogoeta egiten baitute. Liburuaren izenburua hau da: “Antropología médica en la Europa meridional. 30 años de debate sobre el pluralismo asistencial”. Tarragonako Rovira y Virgili unibertsitateak argitaratu du, eta beste koordinatzaile bat ere badauka: Enrique Perdiguero-Gil, Miguel Hernandez Unibertsitateko Osasun Publikoaren Saileko irakaslea. Lan hau doan jaits daiteke Rovira i Virgili Unibertsitatearen esteka honetatik: catálogo de publicaciones .

Argitalpenak biltzen ditu "Herri medikuntzatik lehen arretara: Espainiako arreta-aniztasuna eta medikuntza antropologia (1980-2011)" sinposiumeko ekarpen batzuk. Simposium hura Espainia Estatuaren Antropologia Elkarteen Federazioaren (EEAEF-FAAEE) XIII. Antropologia Biltzarraren barruan garatu zen. Liburuaren hitzaurrean esaten den bezala, hogeita hamar urte hauetan pasatu da, gaixotzeari, sendatzeari eta osatzeko beste espazioei buruzko ikuspegi deskribatzaile eta zenbatzaile batetik, inguruan dauzkagun baliabide ugarien gaineko begirada kritiko eta zorrotz batera, baita baliabide horien gaineko inplikazio tekniko, ideologiko eta normalizatzaile batera ere.

Lan honetan biltzen diren ekarpenen lehen multzoak "Memorias" du izenburua, eta eztabaida metodologiko klasikoarekin zerikusirik daukaten gorabeherak hartzen ditu aintzat, gaur egun agerikoak gertatzen direnak nazioarteko osasunaren irakurketan, aurreikusita ez dagoen erabiltzaileen aniztasunean eta medikuntza eredu hegemonikoaren explosio/inplosioa baieztatzean. Lehen zati honetako hiru ekarpenak medikuntza antropologian oso errotuak eta oso normalak diren hurbilpenak dira, behin eta berriro errepikatzen diren gaiak dira, zeinetara itzultzen baita ikuspegi freskoak eta argitu gabeko txokoak aurkitzeko asmoz.

Bigarren multzo batean, "Lugares" deitu denean, medikuntza antropologia hasi zenetik azterketa eta eztabaidarako gaiak izan direnak biltzen dira. Ekarpen hauek medikuntza antropologiari buruz dihardute, medikuntzaren azpigai bat den aldetik -gora joz eta modu zehatzean-; alegia, ikerketa etnografikoak eta toki eta une zehatzean kokatutako gogoeta antropologikoak prozesu soziokulturalak ulertzeko egin dezaketen ekarpenari buruz.

Bukatzeko, azken hiru ekarpenek "Tiempos" izeneko multzoa osatu dute. Hemen gaien arabera izandako aldaketak eta gaurko ikuspegia aztertzen dira, medikuntza antropologiaren kanon errotuak dauzkan gabeziak hobeki ulertu ahal izateko. Ekarpen hauen bidez hausturak eta estereotipoen iraultze eraldatzaileak proposatzen dira, gaur egungo garaien isla baizik ez direnak. Garrantzia berezia ematen zaio bai biomedikuntzak nahi duen osasun-laguntzaren lehen mailari, baita itzuriezina eta ezin saihesteko modukoa den autoarretari ere.

Lehen arreta eta kultura aniztasuna

Atal honetan dago José María Uriberen ekarpena, izenburu hau daukana: “Atención Primaria y diversidad cultural: De enfermos de ayer a usuarios de hoy”. Lan honetan, Uribek adierazten du osasuneko profesional askorentzat, immigrazio-prozesuetako protagonistak diren atzerriko pertsonen lehen arreta erronka bat dela euren lanean. "Erronka baten moduan ekin nahi izaten badiote ere, askotan oztopo bihurtzen da, ongi lan egiteko traba", esaten du NUPeko irakasleak; halaber, esaten du atzerriko biztanleriak gauzatzen duela, profesionalentzat, gaindituta dagoen zerbait, iraganeko zerbait, anbulategi eta ospitalezentrismoaren garaiko sinesmenak eta praktikak gogorarazten dizkiela. Nekez kudeatzen duten paradoxa baten aurrean hartzen ditu.

José María Uribe uste du identitate ezberdinak eta behar berriak dituzten erabiltzaileen eskaerek eta jokaerek argi uzten dutela gure erakundeek ikasi behar dutela eskaera horiek irakurtzen/interpretatzen; alde batera utzi behar dutela medikuntza eredu hegemonikoaren gaixo mendekoaren ideia, eta alde batera utzi behar dutela biologia abstraktu, norbanako eta ahistorikoa, eta ulertu behar dutela gaixoak baldintza soziohistoriko jakinetan dauden erabiltzaileak direla, eta baldintza horietatik nahi dutela euren eskubideak asetzea, osasuna delarik horietako bat.