Nafarroako Unibertsitate Publikoak urriaren 25 eta 26an egingo ditu Matematikaren Irakaskuntzari buruzko III. Jardunaldiak, honako edizio honetan estatistika ardatz izango dutenak. Tornamira Nafarroako Matematika Irakasleen Elkarteak, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sailak antolatu dute Sario eraikinean egingo den topaketa.
Jardunaldi hauen antolatzaileen xede nagusia da jardunaldiak irakasleen topagune bihurtzea haur hezkuntzaren alditik unibertsitateko aldira, matematika irakasleen lanen, esperientzien eta kezken komunikaziorako foro, bai eta nafar gizartean matematikaren kultura transmititzen eta ikusarazten lagunduko duen beste elementu bat ere.
Edizio honetan jardunaldien ardatza estatistikaren irakaskuntza izango da. Honela, gizartean diziplina hau agertarazteko xedez 2013an mundu osoan egiten ari den estatistikaren nazioarteko urtearen harira sustatu diren jarduerei gehitzen zaie ekimena.
Jardunaldiak Nafarroan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastegitan gauzatutako esperientzietan oinarritutako txostenetan, komunikazioetan eta hitzaldietan egituratu dira. Estatistika Haur Hezkuntzan, arbel digitalaren moda, zorizko problemak ebazteko estrategiak edo Googlen tresnak sartzea dira topaketa honetan aurkeztuko diren hamabi hitzaldietan aztertuko diren gaietako batzuk.
Corellako Luis Arrese, Zangozako Luis Gil edo Sanduzelaiko Lehen Hezkuntzako ikastegi publikoetako zenbait irakaslek parte hartuko dute. Zizurreko, Doneztebeko Mendaur, Berriozarreko, Navarro Villosladako edo Salestarren Bigarren Hezkuntzako institutuetako zenbait irakaslek emandako txostenak ere programatuta daude. Bestalde, NUPeko hainbat ikertzailek ere txosten bat aurkeztuko dute, "Pentsamendu konbinatorioaren garapena: materialak eta ebaluazioa" izenburua duena.
Inaugurazio hitzaldia ostiral honetan egingo da, 17:30ean, "Zientzia Zehaztugabeak" izenburua dauka eta Valderrobles (Teruel) Bigarren Hezkuntzako Institutuko Miguel Barreras Matematika irakasleak emango du. Hitzaldi horretan, Barrerasek azalduko du matematikaren irakaskuntzan egiazko, testuinguruko eta benetako problemak ebaztean, erabat zehatza ez den matematika azaltzen dela, beharbada testuliburuetan azaltzen den matematika ortodoxoa baino sormen handiagokoa dena.