Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskubira, Mercedes Ferro, María Teresa Soria eta Blanca Marín.

Ezkerretik eskubira, Mercedes Ferro, María Teresa Soria eta Blanca Marín.

María Teresa Soria Sarnegok egin duen master amaierako lan batek Osasunbideako erizaintzako maila ertaineko buruentzako lidergo-eskola bat eratzearen alde egiten du, beren prestakuntza hobetzeko eta beren lana eraginkorragoa izan dadin. NUPeko Osasun Zientzietan Fakultatean ematen den Erizaintzako Zainketen Kudeaketako Unibertsitate Masterraren bukaeran egin den lan honek ohorezko matrikulako kalifikazioa lortu du. María Teresa Soria Nafarroako Ospitaleguneko B Ospitaleko amentzako lehen solairuko (lehenagoko Bideko Ama Birjina) erizaina da, eta 2010 eta 2012 artean Nafarroako Ospitaleguneko Erizaintza zuzendariordea izan zen.

Mercedes Ferro Montiú izan da master amaierako lanaren zuzendari teknikoa. Ferro Ospitaleguneko Erizaintza zuzendaria izan da, eta Asociación Nacional de Directivos de Enfermería (ANDE) elkarteko zuzendariordea. Bere aldetik, Blanca Marín Fernández Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintza irakaslea da.

Erizaintzako lidergo-eskola prestakuntza-gune bat da, estilo malgua, eskatzailearen profilari egokia daukana, non prestakuntza semipresentziala baita, eta coaching edo/eta mentoring direlakoen bidezko aholkularitza ematen baita. Lanaren izenburua honako hau da: "Texere. Erizaintzako lidergo eskola baten diseinua". Egilearen aburuz, lana justifikatuta dago Osasunbideako erizaintzako maila ertaineko buruen artean atzematen den begi-bistako krisi-egoerarengatik, eta beren prestakuntza oso garrantzizkoa delako lidergo eraginkor bat garatzeko. Eskolaren izena Texere da, latinez ehuntzea, txirikordatzea, elkarri lotzea esan nahi duena.

Lanean azaltzen denez, eriaren zaintza gero eta konplexuagoa da, eta zaintzen duten profesional guztien arteko lankidetza eraginkorra behar-beharrezkoa da. Osasun arretako sistemek biztanleriaren eskaera gero eta eta handiagoari eman behar diote erantzuna, aldi berean produktibitatea handiagotuz eta lidergo bezalako balioak txertatuz.

Lidergoa maila ertaineko burutzetan

Master amaierako lanak agerian uzten du erizaintzako lidergo-krisiak maila ertaineko kudeaketa-postuetan dauden profesionalei eragiten diela. Izan ere, hauek zailtasun handiko egoerei egin behar diete aurre lehiakortasunaren presiopean, baina aldez aurretik ez dute horretarako prestakuntzarik jaso, eta ez dute eskaera horiek jasateko laguntza-tresnarik. Motibazioan, konfiantzan eta lan-taldean oinarritutako kudeaketa eta lidergo eraginkorra ezinbestekoak dira, beraz, eta eriari ematen zaizkion zaintzetako kalitateari eta erizaintzako langileen iraupenari zuzenean eragiten diete.

Lanean erabili den metodologiak gai hauei buruzko berrazterketa bibliografiko kritiko-analitikoa ekarri du: talde lana, lan-inguru osasungarriak, eta hauek erien osasunean eta are profesionalen beren osasunean dauzkan ondorioak. AMIA analisi baten bidez ahultasunak eta mehatxuak aztertu dira, bai irakasleena, baita inguruarena ere, eta indarguneak eta hobetzeko aukerak ere balioetsi dira. Ondoren, eskolaren prozesu pedagogikoa eta Osasunbidean nola aplikatu definitu zen.