Joan eduki nagusira

zoom Proiektuan parte hartzen duten ikertzaileak

Proiektuan parte hartzen duten ikertzaileak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak lan egiten ari dira zuntz optikozko sentsoreen diseinuan, goi-tentsioko sare elektrikoan gertatzen diren hutsak goiz atzemateko. PMEl proiektua da, Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioaren INNPACTO programaren barruan dagoena, ikerketa-zentroek eta enpresek elkarrekin eramaten dutena aurrera. Helburua da hornidura elektrikoan etenak, eta ondorioz kalte ekonomikoak, sortzen dituzten sare elektrikoaren arazoak garaiz atzematea.

PMEL proiektuan Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Domotika Integraleko Zentroa ari dira elkarrekin, beste erakunde hauekin: Lumiker, Mesa, General Cables eta Incoesa Trafos Azken hirurak gailu elektrikoak (potentzia-transformadoreak, goi-tentsioko aire-lerroak, transmisio-kableak eta gela blindatuak) fabrikatzeaz arduratzen direnak dira, eta unibertsitateetako eta Lumikerreko ikertzaileek fabrikatzaileek beren ekipoetan probatuko dituzten sentsoreen, elektronikaren eta komunikazio sistemen diseinuan lan egiten dute.

zoom Zutik, ezkerretik eskuinera, ikertzaile hauek: Francisco J. Arregui, Natxo Matías, Javier Goicoechea, Abián Bentor Socorro, Jesús M. Corres, Alayn Loayssa eta Mikel Sagüés. Aurrean, Carlos Ruiz, Ignacio del Villar, Jon Mariñelarena eta Eduardo Tejero

Zutik, ezkerretik eskuinera, ikertzaile hauek: Francisco J. Arregui, Natxo Matías, Javier Goicoechea, Abián Bentor Socorro, Jesús M. Corres, Alayn Loayssa eta Mikel Sagüés. Aurrean, Carlos Ruiz, Ignacio del Villar, Jon Mariñelarena eta Eduardo Tejero

Jesús M. Corresek, NUPeko Teknologia Elektronikoko irakasleak eta ikertzaile nagusietako batek azaltzen duenez, "azken belaunaldiko sentsoreak txertatu nahi ditugu, oso goi-tentsioko ekipoen osasun-egoeraz informazioa emateko, potentzia sistemaren operadoreak neurtu ahal izateko sistema elektrikoaren kalitatea eta fidagarritasuna". Honako hauek dira Unibertsitateko lan-taldeko ikertzaileak: Jesús M. Corres, Ignacio R. Matías, Francisco J. Arregui, Javier Goicoechea, Carlos Ruiz, Abián Socorro, Ignacio del Villar, Cándido Bariain, Alayn Loayssa, Miguel Sagüés, Jon Mariñelarena eta Eduardo Tejero.

Zehatz esanda, beren lana da zuntz optikozko sentsoreak eta neurtzeko ekipoak diseinatzea. Sentsore hauei esker, posiblea da tenperatura-tarte oso zabaletan lan egitea, eta gainera sistema elektrikoetan ohikoak diren interferentzia elektromagnetikoek ez diete eragin kaltegarririk sortzen. Gainera, isolamendu-gaitasun handia daukatenez, kableetan eta transformadoreetan sartzen ahal dira, egoerari buruzko parametro adierazleak neurtzeko. "Esaterako —dio Corres irakasleak— lurpeko goi-tentsioko kable bat zahartzen denean, normalean isolatzailea hondatzen da, eta horren ondorioz deskarga partzialak eta tenperatura-igoerak gerta daitezke. Proiektu honen helburua da gorabehera horiek garaiz atzematea, huts larriak saihesteko, huts horiek hornidura elektrikoaren etenak eta kalte ekonomiko larriak sortzen dituztelako".

NUPek bi ildo zehatzetan lan egiten du: nanoegiturazko estaldura daukaten zuntz optikozko sentsoreen garapena, eta zuntz optikozko galdetzaile baten garapena, tenperatura eta deformazioa urrutitik eta era banatuan neurtzeko.

Erakundeen partzuergoa

PMEL proiektua 2011n abiatu zen, eta 2014an amaitzea espero da. Proiektua Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioaren INNPACTO programaren barruan dago. Aipatu programaren helburu nagusia da proiektuak sortzea ikerketa erakundeen eta enpresen arteko lankidetzaren bidez, I+G+b proiektuak egiteko, jarduera berritzailea bultzatu, inbertsio pribatua mugiarazi, enplegua sortu eta herriaren balantza teknologikoa hobetzeko.

Hona hemen, NUPez gain, partuzergoa osatzen duten beste erakundeak, eta egiten dituzten lanak: MUPeko Domotika Integraleko Zentroa eta ingeniaritza optikoko taldea, GIS geletarako sistema optikoak garatuko dituztenak; Lumiker, sentsorika, fotonika eta mantentze prediktiboaren sistemen alorrean ikerketa eta garapena egiten duen erakundea, komunikazioen, kontrolerako sistema elektronikoen eta sentsoreen protokoloak garatuko dituena; Mesa, energia eolikorako, konpainia elektrikoetarako, azpiegiturarako eta industriarako ekipo elektrikoak fabrikatzeaz arduratuko dena; Incoesa Trafos, potentzia-transformadoreak fabrikatuko dituena; eta General Cables, sektore elektrikorako kableak garatu, ekoiztu eta saltzen dituena.