Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat ikertzaile parte hartzen ari dira europar ELENA proiektuan "Antioxidatzaileen enkapsulazioa eta askapen kontrolatua elikagaietan erabiltzeko". Asmoa da gerezien eta arrosa eglanterien antioxidatzaileak lortzea, ondoren enkapsulatu eta elikagaietan erabiltzeko. Enkapsulazio prozesuaren bidez, antioxidatzaileak babestu egiten dira goma arabigozko edo zelulosazko matrize batean eta, ondoren, modu kontrolatuan askatzen dira.
Elikagaien industriaren helburu nagusietako bat da lortzea elikagaiak kontserbatzen dituzten substantziak, elikagaiak gorde eta banatzeko prozesuan zehar. ELENA proiektuaren bidez, denboran zehar egonkorragoak diren antioxidatzaileak lortu nahi dira, elikagaien gehigarri eta kontserbatzaile natural moduan erabili ahal izateko, eta ikerketaren emaitzak nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresei transferitzeko.
Ikertzaileek azaltzen dutenez, "antioxidatzaileek elikagaien bizitza baliagarria luzatzen dute, kanpoko faktoreek eragindako oxidazioez babesten dituztelako; eta horregatik, substantzia horiek oso garrantzitsuak dira elikagaien industrian. Sintesi kimikoaren bidez lortzea zaila da egitura oso konplexua dutelako. Hortaz, bideragarriagoa da jatorri naturaletatik ateratzea, zenbait fruta eta landaretan ugariak direlako". Hortik abiatuta, horiek kontserbatu eta elikagaiekin erabiltzeko lan egiten da.
Beren egonkortasuna hobetzea
Substantzia antioxidatzaileak, behin atera ondoren, oso erraz deskonposatzen dira oso sentiberak direlako beroari, aireari eta argiari dagokienez. Deskonposizio hori saihesteko modu bat da enkapsulazio teknikak erabiltzea, antioxidatzaileen suntsipen erreakzioak babestu eta gelditzen dituztelako, elikagaien jarduera kontserbatzailea mantenduz.
"Enkapsulazioarekin, produktuak matrize batean sartzen dira elikagaietan azkar suntsitzen dituzten faktoreengandik babesteko, eta hartaz, beren eraginkortasuna areagotzeko" azaltzen du Carmen Ancín Azpilicueta NUPeko Kimika Analitikoko katedradun eta proiektuaren ikertzaile nagusiak.
Berarekin batera ari dira proiektuan Kimika Saileko Jesús García Castillo, José Manuel Odroizola Ibarguren, Jesús Ángel Rázquin Lizarraga eta Sandra Jiménez Alonso ikertzaileak.
ELENA Proiektuak (EFA 220/11) Europar Batasunaren finantzabidea ere badu, FEDER Lurralde Garapenerako Europako Funtsekin (POCTEFA Programa) eta hiru urterako da; izan ere, 2014ko apirilean bukatuko baita. NUPez gain, proiektu honetan parte hartzen ari dira Teknologia Kimiko Gainerakorren Errioxako Institutua, Perpinyàko Unibertsitatea eta Pabeko eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitatea.