Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko Genero Ikerketarako Taldeak bihar egingo du genero-auziaren gainean azaro honetan antolatutako bi hitzaldietarik lehena. Hitzaldi horien bidez irekiko du gogoeta eta eztabaida gune berri bati. Dolores Juliano antropologo argentinarrak irekiko du zikloa “Delituak, kartzela eta generoa” hitzaldiarekin. Ostiral honetan, azaroaren 11n, 11:00etan emango du Unibertsitateko Arteak eraikineko Ada Byron aretoan.

Hitzaldi horiek sartzen dira “Genero ikasketak eta ikasketa feministak egun” deritzaten ikasketetan gogoeta egiteko eta eztabaida eragiteko gune berri batean. NUPek eskaintzen duen Genero Moduluaren eta Generoan Aditua Titulu Berekiaren barnean daude aipatu ikasketak. Ostiral honetako saioak azaroaren 22an, astertean, izango du jarraipena Verena Stolcke Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Antropologia Sozialeko katedradunak emango duen “Sexua bioteknologian” hitzaldiarekin.

Dolores Juliano Antropologian lizentziatu zen Argentinan eta gutxiengo etnikoen eta genero-gaien ikerketan espezializatu zen. Diktadura militarreko errepresioaren eraginez erbesteratua, Bartzelonara joan, Bartzelonako Unibertsitatean doktoretza erdietsi eta hango irakasle titularra izan da erretiroa hartu arte. Genero gaiak landu ditu, migrazio eta aldaketa sozialeko prozesuak bereziki, eta gai horiei buruzko ikastaroak eman ditu Espainiako eta atzerriko unibertsitate askotan. LICITeko (etorkinekin eta sexu langileekin elkarlanean aritzeko eta ikertzeko lerroa) kidea da 2000. urteaz geroztik, eta gai horietan oinarritutako ikerketa batzuetan parte hartzen du.

Generalitateak Creu de Sant Jordi saria eman zion 2010ean, “bere irakaskuntza-ibilbideagatik eta hezkuntzaren antropologiaren, migrazio mugimenduen, gutxiengo etnikoen, genero ikasketen eta gizarte bazterketaren esparruetan lortutako ikerketa-emaitza baliotsuengatik”. Bere argitalpen ugarien artean aipatzekoak dira hauek: “Cultura Popular” (1986), “El juego de las astucias. Mujer y construcción de mensajes sociales alternativos” (1992), “Educación intercultural. Escuela y minorías étnicas” (1993), “Chiapas: una rebelión sin dogmas” (1995), “La causa saharaui y las mujeres” (1998), “Las que saben... subculturas de mujeres” (1998), “Las prostitutas: El polo estigmatizado del modelo de mujer” (2001), “Excluidas y marginales. Una aproximación antropológica” (2004), “Marita y las mujeres en la calle” (2004) eta “Las otras mujeres: la construcción de la exclusión social” (2005).