Joan eduki nagusira

zoom Jesús Murillo eta Leire Bardaji NUPeko ikertzaileak, Arrosadiko Campuseko Olibondoak eraikinaren ondoan

Jesús Murillo eta Leire Bardaji NUPeko ikertzaileak, Arrosadiko Campuseko Olibondoak eraikinaren ondoan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (CBGP), Malagako Unibertsitateko, University of Wisconsineko eta Instituto Valenciano de Investigaciones Agrarias izenekoko hainbat ikertzailek sekuentziatu egin dute olibondoaren tuberkulosia sortzen duen bakterioaren genoma. Lan hori “Environmental Microbiology” izeneko aldizkariak argitaratu zuen bere ekaineko alean, eta lehenengo aldia da zurezko landareen patogeno baten genoma sekuentziatzen dela Espainian. Emaitza izan da zurezko landareen Pseudomonas patogeno baten genoma, munduan ezagutzen den lehenengoa.

NUPen aldetik, Jesús Murillo Martínez eta Leire Bardaji Goikoetxea Nekazaritzako Ekoizpen Saileko ikertzaileek hartu dute parte proiektuan. Azaltzen dutenaren arabera, patogeno horren genoma sekuentziatu denez gero, aukera ematen da bakterio horren geneak identifikatzeko, hain zuzen ere, bakterioa hain birulento izateko eta filosferan (hostoen azalean) bizirik irauteko modua ematen diotenak. Horrek bidea ematen du gaixotasunaren aurka borrokatzeko estrategia espezifikoak diseinatzeko eta olibondoaren hobekuntza genetikorako programak landu ahal izateko.

Pseudomonas savastanoi izenekoa da olibondoaren tuberkulosia sortzen duen bakterioa, izan ere, Espainian olibondo asko galarazten dituen gaixotasuna sortzen duena. Bakterioak jotako zuhaitzek tumoreak izaten dituzte (arakaitz esaten zaie), eta hainbat zentimetro har ditzakete landareen enborretan, adarretan, zurtoinetan eta kimuetan. Gaixotutako zuhaitzek indar gutxiago izaten dute, eta hazkunde txikiagoa. Antzutu ere egin daitezke gaixotasunak gogor jotzen baditu. Orain arte, kontrolerako metodo eraginkorrak ez zirenez, aurrea hartzeko estrategiak erabili dira, eta bakterioen populazioak murrizteko tratamendu fitosanitarioak baliatu dira.

Estrategia berriak

Mikroorganismo patogenoek landareetan sortzen dituzten gaixotasunengatik, ekoizpena murriztu ez ezik, elikagaien kalitatea ere hondatu egin daiteke, eta uzten merkatu balioa drastikoki jaitsi. Gaixotasunak kontrolatzeko estrategia berriak ezartzeko, organismo patogenoen genoman dagoen informazioaren analisia egiten da gaur egun. Giza genomarekin gertatu den bezala, teknologia horrek informazio baliotsu asko eta asko ematen du teknologia berritzaileak garatzeko, eta horiei esker patogenoa identifikatu eta kontrolatzeko, eta gaixotasunari gehiago aurre egingo dioten landare ostalariaren barietate berriak sortzeko.

zoom Olibondo bat, tuberkulosiak eragin dizkion tumoreekin (arakaitzekin)

Olibondo bat, tuberkulosiak eragin dizkion tumoreekin (arakaitzekin)

zoom Pseudomonas savastanoi bakterioak jotako olibondo baten adarra

Pseudomonas savastanoi bakterioak jotako olibondo baten adarra