Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bihar, maiatzaren 4an, abian jarriko du kanpaina bat ikasleei informazioa emateko Europako Unibertsitate Eremuaren (EUE) ezarpenak ekarriko dituen aldaketei buruz. Jesús María Pintor Irakaskuntzako errektoreordeak sei informazio-bileratan azalduko die ikasleei Europako hezkuntza esparru berri honen lerro nagusiak zein diren eta zertan eragingo dioten NUPi.

Lehen bi hitzaldiak bihar astearterako, Ikasgelategiko 09. Gelan egiteko programatuta daude, eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleei eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleei zuzenduta daude. Lehenbizikoa eguerdiko 12:00etan izango da eta bigarrena arratsaldeko 16:30ean. Hurrengo bi informazio-bilerak asteazkenean, maiatzaren 5ean, izango dira 09. Gelan, era berean. Kasu honetan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko eta Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleei dei egin zaie. Kanpaina ostegunean, maiatzaren 6an, amaituko da, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako ikasleentzako beste bi hitzaldirekin. Eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 16:30ean 09. Gelan izango dira halaber.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa duela urte batzuk bere irakaskuntza eskaintza Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko prozesuan sartuta dago, Europako 47 herrialdetako gaur egungo unibertsitate egiturak bateratzeko, ikasleen eta tituludunen zirkulazio askea errazteko xedez, titulazio eta herrialde ezberdinetako ikasketen artean aitorpen mekanismoak erraztuko baitira. Sartuko diren aldaketen artean daude titulazioen beraien izendapena (gradu, master eta doktoretza), gradu titulazioak lau urtetan antolatzea (zortzi lauhilekotan), gaitasunen araberako ikasketak, etengabeko ebaluazioa, hizkuntzen ikasketa edo kanpoko praktikak egitea, hainbat kasutan nahitaezkoak izango direnak.

NUP garai honetan aitzindaria izan da Europako Eremuaren lerro nagusien zabalkundean Foru Erkidegoko ikastetxe publiko eta kontzertatuetan. Orain arte, Unibertsitateko Errektoretza Taldeak ia ehun hitzaldi eman ditu eta, EUE ezagutzera emateaz gain, 2010-11 ikasturtetik aurrera emango diren titulazio berriei buruzko informazioa ere eman da. Heldu den ikasturtetik aurrera, NUPen guztira 16 gradu –horietako bi ematen hasita daude- eta 23 graduondo ematea aurreikusten da.