Montxo Armendáriz nafar zuzendariaren “Silencio roto” filmaren emanaldian eta ondoren egingo den solasaldian parte hartuko dute bihar Álvaro de Luna eta Rubén Ochandiano aktoreek Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Armendáriz Nafarroako Unibertsitate Publikoko honoris causa doktore izendatzeko ekitaldia dela-eta antolatu dira filmaren emanaldia eta solasaldia. Apirilaren 23an, ostiralean, egingo da ekitaldia Unibertsitatearen Egunaren barnean.
Emanaldia 17:00etan hasiko da Sario eraikineko 04. gela erantsian, eta gero solasaldia egingo da, zeinean Álvaro de Lunak eta Rubén Ochandianok parte hartuko baitute. Azken hau Errebelazio Aktorearen Goya sarietarako proposatu zuten “Silencio Roto” filmean egindako lanagatik. Juan Diego Botto ordezkatu du, zeinak ezin etorria adierazi baitu familia-arrazoiengatik. Karlos Alastruey Automatika eta Konputazio Saileko irakasle titularra eta zinema zuzendaria izango da solasaldiaren moderatzailea. Halaber, Puy Oria Oriafilms-eko produktore eragileak ere parte hartuko du.
Silencio Roto 2002an eman zuten lehen aldiz, eta Lucía Jiménez eta Juan Diego Botto aktoreak izan ziren pertsonaia nagusiak. Filmak gerraren zentzugabekeriari buruzko gogoeta interesgarria proposatzen du makiak protagonista diren istorio baten bidez. Borrokalari horiek Espainiako Gerra Zibilaren ondoren frankismoaren garaipena ukatu eta mendian borrokan segi zuten. 1944an, Luciak (Lucía Jiménez) talde horietako bat ezagutu zuen. Manuel haiekin zegoen (Juan Diego Botto). Bien artean amodio sutsua sortuko da. Behingoagatik, gerra heroiak ez dira borrokatzera doazen gizonak, ezpada gelditu ziren emakumeak. Álvaro de Luna, Mercedes Sampietro, María Botto, Rubén Ochandiano eta Patxi Bisquertek ere parte hartu dute filmean.