“Arteari buruzko hezkuntzak hedabideekiko jarrera kritiko egokiagoa ahalbidetzen du, eta oso aberasgarria litzateke hibridazio handiagoa egotea bi diziplinen artean, hedabideen inguruko gertaerak ulergarriagoak izan daitezen”. Hori da Idoia Marcellán Barazek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duen tesiaren ondorioetako bat. Tesiak, Bikain kalifikazioa lortu duenak, arteari buruzko hezkuntzaren eta hedabideei buruzko hezkuntzaren arteko loturak ikertu ditu.
Idoia Marcellán Baraze Euskal Herriko Unibertsitateko Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saileko irakaslea da, eta doktoretza eskuratu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Relaciones entre la educación artística y la educación Mediática: Incidencia en la comprensión crítica de los estudiantes de primaria ante los medios izeneko tesiarekin; NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Imanol Agirre Arriaga irakasleak zuzendu zuen tesia.
Ikerketaren helburua zen diziplina horien arteko loturak aztertzea, jakin ahal izateko nolako eragina izan dezakeen arteari buruzko hezkuntzak hedabideei buruzkoan. “Arteari buruzko hezkuntza posmodernoak, kulturaren ikasketek eta ikusizko ikasketek eta ikusizko kulturaren ikasketek emandako ekarpenetatik abiarazita, eskaintzen dituen ezagutzek ikasleen kontzientzia hobetzen du, ikusizko arteek mezuak eraikitzeko dituzten prozesuei, baliabide estetikoei eta estrategia diskurtsiboei dagokienez”, dio lanaren egileak. Hedabideei buruzko Hezkuntzan antzeko lana egiten da. “diziplina horrek, gaur egun Espainiako hezkuntza arautuan ez du curriculumaren berezko eremurik ez duenak, bilatzen du hedabideen eta hedabideekiko gaitasunak garatzea, ekoizteko, jasotzeko eta interpretatzeko. Azken helburua da ikasleak gai izan daitezen hedabideak ulertu eta era kritikoan erabiltzeko, beraien mezuak eta kontakizunak ekoizten dituztenean”, azaltzen du Idoia Marcellán Barazek.
Bere tesian egiaztatzen duenez, Arteari buruzko eta Hedabideei buruzko Hezkuntzek prestakuntza helburu komuna dute: ezaguera sortzea, ikusizko arteek eta hedabideek, mezuak eta diskurtsoak egiteko dituzten prozesuei buruz eta pertsonen nortasuna eraikitzeko duten moduari buruz.
Lanak etapa esperimental bat izan zuen ere bai. Erreniega ikastetxe publikoan, Zizurren, egin zen, lehen hezkuntzako 5. mailako talde batekin. “Ikasturte batean arteari buruzko hezkuntzaren ohiko proposamenak areagotu genituen, umeen gaitasun kritikoak garatzeko, hedabideei begira –dio lanaren egileak-. Horrela, ikasketa gogoetatsua bultzatu genuen, ikasleen bizipen pertsonalen eta informazioaren arteko loturak ezarriz, eta ikasketarako hainbat estrategia erabili genituen: deskribatzaileak, analitikoak, interpretaziokoak, kritikoak eta ekoizpenekoak. Lan egiteko modu horiek ez dira ohikoak lehen hezkuntzan arteari buruzko hezkuntza arruntean, funtsean esku-lanak egitera edo apaintzeko produktuak sortzera mugatzen baita”.
Arteari buruzko Hezkuntzako modu berritzaile honen proposamenek aurrera egin ahala, Hedabideei buruzko Hezkuntzarako proposamen batzuekin batera, ikasi ahal izan da ikasleen analisiak, iradokizunak eta ekoizpenak hobetu direla eta gero eta konplexuagoak izan direla.
Lan honen ondorioetan azpimarratzen da bi diziplinen proposamenak eta ikasketak hibridatuago egoteak ekarriko lukeen aberastasuna. “Kontua ez da arlo horiei esleitu zaien curriculumaren eremu txikia batera edukitzea, baizik eta ikuspegi zabalagoak eskaintzea kulturaren fenomenoak aztertzerakoan; hori izango litzateke biderik hoberena hedabideekiko gaitasun kritikoa lortzeko eskariari erantzuteko, gizarteak duen kezka foro askotan agertzen baita” dio egileak.
Argudio teorikoez gain, ikasgelan egindako lan esperimentalak erakutsi duenez, pertsona kritiko horiek sortzeko narratiba berri bat behar da eskolan. Modu berri horrek eskatzen du diziplinarteko esperientziak eskaintzea, ikusizko kulturari eta hedabideen kulturari buruzkoak, horiek biek eragiten dutelako esanahiaren eta ikasketaren zabalkundean.