Hasiera > Kultura eta Dibulgazioa > Eman kreditua zure kulturari
Kultur pasaportea pertsonala eta besterenezina da. Pasaporte bakoitza ikasle batena da, eta identifikazio zenbaki bat du atzeko aldean (norberak berea). Lau urteko balioa du, eskuratzen den egunetik hasita. Pasaportea galduz gero, aitortu gabeko jarduera guztiak deuseztatzen dira, eta beste pasaporte bat lortu beharko duzu.
Zure ibilbide kulturala gordetzen da pasaportean. Zigilu bat jarriko dizute katalogoko jarduera kultural batean parte hartzen duzun bakoitzean. Jarduera jakin batzuetan parte hartu duzula egiaztatzen dute zigiluek; beraz, ez ahaztu: ekitaldia bukatutakoan, esan iezaiezu zigilua jartzeko. Zigilua lortzeko, “Pasaporterako jardueren katalogoan” ageri diren jardueretara joan behar zara, hor adierazitako egunetan.
Gorde ezazu pasaportea leku seguruan eta babestuta. Pasaportea galduko bazenu edo zigiluak irakurtezinak balira, ezin izanen genizuke ziurtagiria eman ECTS kredituak aitortzeko.
NOLA LORTU
Zure kultur pasaportea lortzeko, DALE CRÉDITO A TU CULTURA programan matrikulatu behar duzu, doan. Izena eman ondoren, Kulturako eta Kiroletako Bulegoan jasotzen ahalko duzu (Sekuoia eraikina), 08:30etik 14:30era.
PASAPORTEA NOLA ERABILI
Erakunde laguntzaileek antolatutako jardueretara joaten zarenean, pasaportea erakutsi beharko duzu jarduera bukatu ondoren. Erakundeko langileren batek pasaportean jardueraren izena eta data idatzi, eta zigilua jarriko dio. Ez ezazu galdu ikuskizuneko, erakusketako edo dena delako ekitaldiko sarrera; izan ere, baliteke sarrera eskatzea pasaportean zigilua jartzeko. Pasaportean ageri diren zigiluak bakarrik izanen dira baliozkoak.
Jarduera edo ikastaroa egintzat emateko, hura hasten denetik bukatzen den arte egon behar zara han, ez zaizu onartuko ez atzerapenik ez huts egiterik. Ez bazaude han jarduerak dirauen denbora guztian, erakundeak ez dio zigilurik jarriko zure pasaporteari.
Kultur pasaportearen katalogoan argitaratutako jardueren bidez lortutako zigiluek bakarrik balio dute kreditu aitorpena lortzeko. Katalogoan argitaratutako jardueretakoak ez diren edo argitalpenean ezarritako epetik kanpo lortu diren zigiluak ez dira baliozkoak izanen.
Ezin zara behin baino gehiagotan joan jarduera berera, ustez eta zigilu bat baino gehiago lortuko duzula. Hori eginez gero, zigilu bat bakarra hartuko zaizu aintzat, non eta ez den beste informazioren bat ematen ekitaldiaren argitalpenean.