Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak epea ireki du heldu den 2022-2023 ikasturterako matrikula egiteko. Ikasturtea irailaren 12ko astean hasiko da, eta 1.294 ikaspostu baino gehiago eskaintzen dira, 96 ikastarotan banatuak. Matrikula Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean egiten ahal da, eta webgune horretan bertan kontsultatzen ahal da egutegi akademikoa.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Ingelesa, frantsesa, alemana, atzerritarrentzako espainiera eta txinera ikasteko ikastaroak eskaintzen dira; azken hori Zaragozako Unibertsitateko Konfuzio Ikasgelaren bitartez. Horiez gainera, ingeleseko azterketa ofizialak prestatzeko ikastaro espezifikoak ere aurkitu daitezke eskaintzan.

Ikastaroak denentzat dira: bai Unibertsitateko komunitateko kideentzat (graduko edo graduondoko ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak), bai NUPeko tituludunentzat, bai eta Unibertsitatekoak ez direnentzat ere. Unibertsitateko ikasle ohiei eta adiskideei zuzendutako A3U Programan izena emana duten kideek –inskripzioa doakoa da– deskontu bereziak dauzkate.

Ikastaroen diseinuak aukera ematen du hizkuntzen ikaskuntza norberaren neurrira, beharretara eta mailara egokitzeko, komunikazioa eta parte-hartzea errazten duten metodoen bitartez, hizkuntzaren komunikazio gaitasunean benetan aurrera egiteko.

Ikastaroak Unibertsitateko komunitateko nahiz kanpoko pertsonentzat

Ikastegiko ikasle berriek, hizkuntza bat ikasi nahi eta aldez aurretiko ezagutzak badituzte, beren maila egiaztatu beharko dute, dela egiaztapen ofizial baten bidez, dela ikastegian bertan proba bat eginez (Arrosadiko campuseko Sario eraikina, 3. modulua, 1. solairua). Maila zehazteko proba horretarako inskripzioa webgunearen bidez egin behar da, eta ez da ordua hartu beharrik. Probak astelehenetik ostiralera egin daitezke, 09:00etatik 14:00ak arte abuztuan eta 09:00etatik 15:30 arte irailean. Ingelesaren kasuan ordenagailu bidezko test bat eta idazlan bat egin behar dira, eta, frantsesaren, alemanaren eta espainieraren kasuan, berriz, gehienez ordubete iraunen duen proba idatzi bat.

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia duela 20 urte baino gehiago ari da hizkuntzak irakasten. Denbora horretan guztian, 30.000 ikasletik gora izan dira bertan. Gainera, akreditatutako zentro aztertzailea da honako hauen azterketa ofizialetarako: Cambridge eta TOEFL iBT (ingelesa), DELF-DALF (frantsesa), DELE (espainiera) eta CCSE (nazionalitate espainiarra eskuratzea) eta YCT, HSK eta HSKK (txinera).

Ikastaro eta zerbitzu horiei buruzko argibide guztiak NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren  webgunean kontsultatu daitezke, eta, orobat, 948 169791 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara mezu bat igorrita: centro.idiomas@unavarra.es.