Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) dozena bat ikastaro eginen ditu udan. Ekainean, lehenik, “Gaixotasun arraroek nolako eragina duten eta nola tratatu behar diren ikuspegi biopsikosozialetik” (ekainak 20-21) izenekoa; gero, “Ekologiari buruzko Nafarroako Udako Eskolaren 8. edizioa: izan zaitez ekologo egun batez” (ekainak 23-24) eta, azkenik, “Demokraziarako Trantsizioari buruzko interpretazioak” (ekainak 30 eta uztailak 1), Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan antolatua eta bertsio presentziala zein “onlinekoa” izanen dituena. Gaur zabalduko da izena emateko epea, maiatzak 13, ostirala, eta monografikoen edukiak eta prezioak NUPen Udako Ikastaroen webgunean ageri dira.

zoom NUPeko Udako Ikastaroetako bat, iaz Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin zena.

NUPeko Udako Ikastaroetako bat, iaz Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin zena.

Bi multzotan sailkatzen dira iraila bukaera bitarte eskainiko diren jarduerak. Alde batetik, bost prestakuntza-ekintza antolatu dira Nafar Unibertsitateen Udako Ikastaroen barrenean. Nafarroako Gobernuak dirulaguntza eman du ekimen horretarako, eta Nafarroako bi unibertsitate presentzialek (NUP eta Nafarroako Unibertsitatea) eta UHUNen Iruñeko eta Tuterako zentro elkartuek lankidetzan eginen dituzte. Gainerako ikastaroak NUPek antolatuak dira, eta zenbait erakunde lokal eta sozialen laguntzarekin eginen dira. Gaiei dagokionez, lau arlotan daude banatuak: Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Zientzia Esperimentalak, Osasun Zientziak, eta Hezkuntza eta Giza Zientziak.

Udako Ikastaroen eskaintza osoa 

Arestian aipatutakoez gainera, honako ikastaro hauek eginen dira Nafar Unibertsitateen Udako Ikastaroen zikloan: “Eboluzioa: Homo Sapiensetik Homo Avatarisera” (uztailak 30-31), “Adimen emozionala eta estresaren kudeaketa bizimodu osasungarria izateko” (abuztuak 2-5), “Izarrak eta neuronak. Santiago Ramón y Cajalen Ondarea” (abuztuak 12-14), “Jasangarritasunerako eta ongizaterako ibilbideak” (abuztuak 22-26), “Komunitatea, haurren eta nerabeen babesgarri: esku hartzeko estrategiak eta tresnak Nafarroako komunitateen esperientzietan” (abuztuak 30-31), “Nafarroako Pirinioak: etorkizunerako ate bat zabalik” (irailak 10) eta “Landa inguruneko haurren neurorrehabilitazioa” (irailak 19-24).

Bestalde, badira beste zenbait ikastaro NUPen antolatu eta Iruñeko Udalarekin, Nafarroako Museoarekin eta beste entitate, enpresa eta unibertsitate batzuekin batera finantzatu dituenak. Uztailean, gorago adierazitakoez gainera, honako hauek eginen dira: “Ekologiari buruzko Nafarroako Udako Eskolaren 8. edizioa: izan zaitez ekologo egun batez” eta “Demokraziarako Trantsizioari buruzko interpretazioak”. Abuztuan, berriz, “Sistema kapitalista, auzitan: kritikak eta alternatibak kapitalismo berdeari” (abuztuak 24-25), eta, irailean, “Ondare kultural immateriala: ikerketa-metodologia inklusiboak. Generoaren ikuspegia I” (abuztuak 28-29).