Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Matematikaren Espainiako Errege Elkarteak (RSME) esparru hitzarmen bat sinatu berri dute lankidetza kultural, zientifiko eta akademikoan aritzeko. Lau urteko indarraldia du, eta lankidetza-lerro zehatzagoetarako oinarriak ezartzen ditu. Gainera, hitzarmenaren sinatzaileek konpromisoa hartu dute programatutako jarduerak elkarrekin egiteko eta finantzatzeko.
NUPeko errektore Ramón Gonzalok eta RSMEko presidente Francisco Marcellán Españolek sinatu dute hitzarmena. Akordioan, honako proposamenen hauek jaso dira besteak beste: ikastaroak, jardunaldiak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzea eta sustatzea elkarrekin; bi erakundeen baliabideak aprobetxatzeko ideiak eta ekimenak trukatzea zabalkunde kultural, zientifiko eta akademiko handiagoa izateko, eta, azkenik, ikerketako, dibulgazioko, garapen teknologikoko eta berrikuntzako programak garatzea.
Horretaz gainera, asmoa dute matematikaren arloko graduko eta masterreko lan onenen sariketa bat antolatzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat.
Ildo horretatik, NUPek eta RSMEk konpromisoa hartu dute beren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta azpiegiturak erabiltzeko, ekimen bakoitzean ezarritako helburuak lortzearren.
Erakunde bakoitzeko bi ordezkariz osatutako batzorde misto parekide bat arduratuko da hitzarmeneko akordioen jarraipena egiteaz eta betearazteaz, bai eta interes komuneko gaietan lankidetzan aritzeko aukerak proposatzeaz, sinatutako hitzarmen espezifikoen jarraipena egiteaz eta oraingo hitzarmena eta etorkizunekoak aldatzeko eta luzatzeko proposamenak aztertzeaz ere.