Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur, irailak 10, inauguratu du 2021-2022 ikasturtea, hasiera-ekitaldi batekin, eta hirurehun bat pertsonak hartu dute parte. Ramón Gonzalo errektorea eta María Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan dira ekitaldiaren buruak. Foru Komunitateko agintari nagusiak eta Unibertsitateko komunitateko kideak ere bertan izan dira. Hasierako ikasgaiaren izenburua “Ordena pixka bat” izan da, eta Esteban Induráin Eraso Nafarroako Unibertsitate Publikoko Analisi Matematikoko katedradunak eman du.

zoom Ramón Gonzalo errektorea

Ramón Gonzalo errektorea, hitzaldia ematen

Ekitaldian segizio akademikoaren ohiko desfilea eta aurreko ikasturteko memoriaren irakurketa egin dira aurten, lehenago bezala. Eguerdiko 12:00etan hasi da ekitaldia. Fernando Remacha aretoan irakasle togadunak sartu dira lehenbizi, NUPeko errektore ohiak eta beste unibertsitate batzuetako errektoreak gero, NUPeko oraingo errektorea segidan, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria azkenik, “ZuraQuartet” laukoteak “Erresuma sartzeko martxa” (anonimoa, XVIII. mendea) jotzen zuen bitartean.

Lehenik eta behin, Roldán Jimeno Aranguren Unibertsitateko idazkari nagusiak joan den ikasturteari buruzko oroitidazkiaren laburpen bat irakurri du. Besteak beste, alderdi garrantzitsu edo berrienak nabarmendu ditu zenbait gaitan, hala nola garapen digitala, urte anitzeko finantzaketa hitzarmena —pandemia dela-eta 2021era luzatua—, Osasun Zientzien eraikin berria eraiki eta ekipatzeko hitzarmena, ekoizpen zientifikoa eta ikerketarako lortutako funtsak, unibertsitate-proiekzioko eta dibulgazioko jarduerak eta nazioartekotzea besteak beste.

Ondoren, Esteban Induráin Eraso katedradunak hasierako ikasgaia irakurri du. Gero Ramón Gonzalo errektoreak hitz egin du, eta, azkenik Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak, zeinak ofizialki inauguratu baitu 2020-2021 ikasturtea.
Ekitaldian Foru Komunitateko agintari nagusiak eta esparru politikoko, erakunde judizialetako eta ekonomia- eta gizarte-erakundeetako ordezkariak izan dira. Irakaskuntzaren esparrutik, bertan izan dira Alfonso Carlosena, Julio Lafuente López eta Antonio Pérez Prados, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoko aurreko errektoreetako hiru; Alfonso Sánchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea eta Juan Carlos Ayala Calvo Errioxako Unibertsitateko errektorea.

Ekitaldiko interpretazio musikalak ZuraQuartet laukotearen eskutik eta Iruñeko Orfeoiaren eskutik (Igor Ijurra Fernándezek zuzenduta) egin da.

Liderra eskualdeko garapenerako ekarpenean

Bere hitzaldian, Ramón Gonzalo errektoreak unibertsitateek gaur egun dituzten erronka “bereziki handiak” aipatu ditu, eta erakunde horiek gizartea eraldatzeko duten potentziala nabarmendu du. Horregatik, NUPen egindako ikerketa erronka horiei erantzuteko eragile bihurtzearen alde egin du. Erronka horien artean aipatu ditu, besteak beste, klima-aldaketa, jasangarritasuna, biztanleriaren zahartzea eta genero-berdintasuna.

Ramón Gonzalok adierazi du NUP garatzen jarraitzea duela helburu, Nafarroaren garapenerako motor gisa sendotzeko, eta solidarioagoa, bere ingurunean sustraitua eta inguruko sare sozioekonomikoaren funtsezko partea izan dadin.

Errektoreak NUPi buruzko datuak nabarmendu ditu: NUP lider nazionala da bere graduatuen eskualde garapenean edo enplegagarritasunean. Era berean, NUPeko lau ikasletik hiruk enpresa eta erakundeetan praktikak egiten dituztela azpimarratu du, edo aurten 12 milioi euro lortu direla kanpoko ikerketa-funtsetan. Kopuru hori “historikotzat” jo du.

Azkenik, iragarri du Nafarroako Gobernuarekin hastapen akordioa lortu dela hurrengo hiru urteetarako beste finantzaketa-hitzarmen bat sinatzeko, eta Osasun Zientzien eraikin berria eraikitzeko eta hornitzeko eginen den ahalegina nabarmendu du. “Gaur egungoa bezalako krisi garaian, unibertsitatearen, ezagutzaren eta berrikuntzaren alde inbertsio ausarta eta oztoporik gabea egitea apustu segurua eta etorkizun handikoa da”, azaldu du errektoreak.

Arlo biosanitarioa sendotzea

Bestalde, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak NUPek Nafarroan eta Nafarroatik kanpo duen funtsezko zeregina nabarmendu du bere hitzaldian, ezagutzaren transferentzian ezinbesteko gizarte-eragile gisa, talentua, ikerketa eta berrikuntza erakartzeko sareak sortzeko eragile gisa eta adimen kolektiboaren adierazle gisa.

zoom María Chivite Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria

María Chivite Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, ikasturteari hasiera ematen

NUPek eta Unibertsitateko komunitateak COVID-19ari emandako erantzuna ere nabarmendu du María Chivitek, batetik joan den ikasturtean aitzindaria izan zelako ikasleek ikasgeletan izan zuten presentzia berreskuratzen, eta, bestetik, txertaketa-prozesurako Arrosadiko campuseko kirol-instalazioak Gobernuari utzi dizkiolako.

Lehendakariak gogorarazi du irailean hasiko direla Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berria eraikitzen. Nafarroako Gobernuak 34,9 milioi eurorekin finantzatuko du, eta berreskuratze-prozesu bat hastearen aldeko apustua egin du NUPekin lankidetza estuan, pertsonak ardatz hartuta, balioak eta ezagutza-eremuen sorkuntzan oinarritua, eta sektore publiko biosanitarioa indartzeko ikerketa berritzailearekin. “Berpizkunde berri honetan inoiz baino gehiago behar zaituztegu. Begira diezaiogun elkarrekin Nafarroari; begira diezaiogun ikuspegi diferenteetatik helburu berari”, adierazi du.

Hasierako ikasgaia

Esteban Induráin Eraso katedradunaren hasierako ikasgaiaren izenburua “Ordena pixka bat” da, eta Ordenaren Matematikada hitzaldiaren gaia. Diziplina horrek “Aljebraren, Analisi Matematikoaren edo Geometriaren maila eta kategoria bera izatearen” alde agertu da hizlaria, bai eta Ordenaren Matematika arlo “beregain” gisa aztertzearen alde ere, eta ez Matematikaren beste arlo batzuetako tresna lagungarri gisa. Hain zuzen, deitoratu du Ordenaren Teoriari buruzko artikulu espezializatuak “aldizkarietan sakabanatuta egotea, batzuetan Matematika hutsekoak ez baizik beste diziplina batzuetako aldizkarietan”.

zoom Fernando Remacha aretoa

Fernando Remacha aretoaren ikuspegi orokorra

Diskurtsoan zehar, Esteban Indurainek Ordenaren Matematikaren garrantzia nabarmendu du, matematikaren esparrutik harago, beste zenbait esparrutan, hala nola Fisikan, Ekonomian edo Psikologia Matematikoan. Eta, ildo horretatik, azaldu du bizitza praktikoko egoeretan ere erabilgarria dela: adibidez, enpresa batean langileak hautatzeko prozesuak egitean.

Esteban Induráin Eraso Matematikan lizentziatu (1982) eta doktoratu (1985) zen Zaragozako Unibertsitatean. 2000. urtetik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Analisi Matematikoko katedraduna da. Bere ikerketa-gaiak hauek dira: Analisi Erreala, Egitura Ordenatuak, Ekuazio Funtzionalak, Topologia Orokorra, “Fuzzy” Multzoak, Ekonomia Matematikoa eta Aplikazioak Gizarte Zientzietan. Horiei buruzko ehun artikulu argitaratu ditu eragin handiko aldizkari zientifikoetan.

NUPeko Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko ikertzailea da (INAMAT2), eta nazioarteko zenbait elkarte zientifikotako kidea izan da, hala nola European Mathematical Society, New York Academic of Sciences eta Econometric Society elkarteetakoa, Espainiako Errege Elkarte Matematikoko kidea izateaz gainera. “Applied General Topology eta “Journal of Intelligent and Fuzzy Systems” argitalpen zientifikoetako editore elkartua ere bada edo izan da.
 

Ikus-entzuleen irudi bat Ikus-entzuleen irudi bat
Agintari akademikoak Agintari akademikoak
María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ramón Gonzalo errektorea izan dira ekitaldiaren buru María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ramón Gonzalo errektorea izan dira ekitaldiaren buru
Agintariak, Fernando Remacha aretora sartzen Agintariak, Fernando Remacha aretora sartzen
Segizioaren desfilea Segizioaren desfilea
Esteban Induráin Eraso katedraduna, hasierako ikasgaia irakurtzen Esteban Induráin Eraso katedraduna, hasierako ikasgaia irakurtzen
Iruñeko Orfeoiko interpretazioaren une bat Iruñeko Orfeoiko interpretazioaren une bat
1 / 2
Apertura Curso 2021-2022