Berrogei lagunek hartuko dute parte Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren artean antolatutako I+G+b-ko Europar Proiektuen Sustapena eta Kudeaketa izeneko espezializazio ikastaroan. Irailaren 2tik azaroaren 19ra eginen da, eta 7,5 ECTS kreditu ditu (60 ordu). Ikastaro horren bidez, erantzuna eman nahi zaio europar proiektuen kudeaketan prestakuntza egokia duten profilak sortzeko eskari zabalari.
Aurtengo edizioan, parte praktikoa indartzea erabaki da, bai eta zenbait urterako funtsak nola eskuratu (egitura, kronograma, deialdiak), finantzabidea lortutakoan proiektuak nola kudeatu eta emaitzak nola komunikatu eta zabaldu jakiteko funtsezko alderdi guztiak lantzea ere.
Ostegun-ostiraletan izaten da ikastaroa, arratsaldez. Lehenbiziko saioan, lehenik eta behin, Antonio López NUPeko Ikerketaren Arloko zuzendariak ongietorria egin zien ikasleei, eta, gero, Europar Batasunean nor den nor azaldu zuen. Zehazki, Ignacio Baleztena mintzatu zen, EBko Ikerketaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiko taldeburu bat, bai eta María Gómez León ere, NUPeko INARBE ikerketa-institutuko ikertzailea.
Ostiraleko saioaren lehenbiziko partearen gaia Europar Batasunean Nafarroak zer eginkizun duen izan zen. Saio hartan, honako hauek eman zituzten azalpenak: Sergio Pérez, Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia; Carmen Mier, Nafarroako Gobernuko Europako Proiektuen Bulegoko zuzendaria; eta Beatriz Irala, Nafarroak Bruselan duen Ordezkaritzako kidea; azkenik, europar proiektuetan parte hartzeko kulturaz mintzatu zen Marina Martínez, Garapen Teknologikorako eta Industrialerako Zentroak Bruselan duen Zientziaren eta Teknologiaren Espainiaren Bulegoko kidea.
Ikastaroaren helburu nagusia da parte-hartzaileei gaitasuna ematea erakundearen jarduerarako programa egokienak zein diren identifikatzeko, dirulaguntzak lortzeko aukera handiak dituzten ideiak sor ditzaten sustatzea, eta 2021-2027 denboraldiko Zenbait Urterako Finantza Esparruko lehiaketa bidezko programetan proposamenek arrakasta izateko aukerak areagotzeko teknikak irakastea.