Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) diziplina anitzeko ikertzaile talde bat “Renovables” izeneko proiektuan ari da parte hartzen, Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa euroeskualdeko zenbait erakunderekin batera, EHU lider dutela. Zehazki, “off-shore” energia eolikoa sortzeko —hau da, itsasoko instalazioetan sortzeko—, eraldatzeko eta kudeatzeko sistemen proiektu bat da.

zoom Parte hartzaile batzuk

“Renovables” proiektuko parte hartzaile batzuk NUPen, Jerónimo de Ayanz eraikinaren parean, hots, Unibertsitateko ikerketa-institutuen egoitzaren aurrean. Ezkerretik eskuinera: Luis Gandía, Alayn Loayssa, Laura Frías, Begoña Vicente (Ikerketa Institutuen Negozio Garapeneko zuzendaria), Carlos del Río, Andoni Gil, Jesús Beato, Carlos Berlanga, Martín Gastón eta Fermín Mallor. Ikertzaile guztiak ISC institutuko kideak dira, Andoni Gil eta Jesús Beato izan ezik, INAMAT2 institutukoak baitira.

Proiektuaren helburua sektoreen arteko lankidetza katalizatzea da, Bizkaiko Golkoko itsas baliabide berriztagarrietan oinarritutako metodo, produktu eta zerbitzu berritzaileak eratzeko. Proiektuan, hiru unibertsitate publikok (Euskal Herriko Unibertsitateak, Bordeleko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak) eta honako entitate publiko zein pribatu hauek hartzen dute parte: Naitec eta CENER, Nafarroakoak; Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroa eta Alerion Technologies, Euskal Autonomia Erkidegokoak; eta Zientzia eta Teknologia Digitaletako Frantziako Ikerketa Institutua, Akitania Berrikoa. Hortaz, “Renovables” proiektuak sinergiak bultzatu nahi ditu goi mailako prestakuntza-sare mugakide baten bidez, itsas arloko erreferentziazko nodo eragilea bihur dadin aipatutako euroeskualdean.

NUPeko arduraduna Carlos del Río Bocio da, Seinalearen eta Komunikazioen Teoriaren arloko katedradun eta Smart Cities Institutuaren zuzendaria (ISC).  Harekin batera, NUPeko beste ikerketa-institutu batzuetako irakasle eta ikertzaileak daude lantaldean (INAMAT2, INARBE eta I-Communitas), honako arlo hauetan dihardutenak: energia, materialak eta korrosioa, drone bidezko diagnostikoa eta adimen artifizialaren aplikazioa, bai eta energiaren kudeaketaren inguruko Espainiako eta Europako legediak ere.

“Off shore” energia eta proiektuko jarduerak

“Off shore” direlako energia berriztagarrien inplementazioa klima aldaketaren kontrako ekonomiaren eta borrokaren ardatz estrategiko bat da, eta ekonomia urdina deitzen zaio. Testuinguru horretan, euroeskualdearen trantsizio energetikoren eta ekologikoaren eskualdeko ibilbide orriari erantzuten dio proiektuak, eta gizarte zibilari eta lurraldeei lagundu nahi die trantsizio energetikoaren desafioak erdiesten eta, hala, 2030erako energiaren % 45 iturri berriztagarrietatik sortzeko helburua lortzen. Aurrera egiteko, jakintza zientifikoaren eta langile kualifikatuen garapena behar du ekonomia urdinak, eta esparru horretan kokatua dago, hain zuzen, “Renovables” proiektua.

Proiektuan, jarduera mota bat baino gehiago eginen dira, lau multzo hauetan sailkatuak: batetik, gaitasun teknologikoak eta “know-how” delakoa identifikatuko dira itsasoko energia berriztagarrien eta haiei lotutako zeharkako teknologien arloan; bestetik, prestakuntza-jarduerak eginen dira (mintegiak, hitzaldiak, lantegiak, adituen mahai-inguruak eta bisita teknikoak); hirugarrenik, ikerketa-egonaldiak eginen dira Bizkaiko Golkoko itsas energia berriztagarrien garapena ebaluatzeko, eta, azkenik, proiektuaren berri emateko jarduerak antolatuko dira.