Joan eduki nagusira

Begoña Pérez Eransus, Lucía Martínez Virto eta Víctor Sánchez Salmerón Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko ikertzaileek Espainian iraupen luzeko zainketen arloan dagoen beharra aztertu eta Europako beste dozena bat herrialderekin alderatu dute. Ikerketaren izenburua “El modelo español de cuidados de larga duración ante el desafío de la desigualdad” da, eta "Prisma Social" aldizkariaren monografiko batean argitaratu dute. Ikerketak honako hau ondorioztatzen du, besteak beste: “Espainiako ereduak gaitasun eskasa du zainketa-beharrak dituzten adineko pertsonei laguntza emateko”.

zoom Autores

Ezkerretik eskuinera, Lucía Martínez Virto, Víctor Sánchez Salmerón eta Begoña Pérez Eransus, ikerketaren egileak

Espainiaren kasuan, hurrengo 30 urteetan 65 urtetik gorako biztanleen kopurua % 13,2 areagotuko dela uste du Europako Estatistika Bulegoak (2019), eta 80 urtetik gorakoena, berriz, % 6. Horren ondorioz, Espainiako adineko pertsonen mendekotasun-ratioa Europako batezbestekoa baino % 9,4 handiagoa izango da.

“Eskandinaviako herrialdeak aitzindariak izan ziren —ikertzaileek adierazi dutenez— pertsonen arreta-ereduak bilatzen ez ezik, zahartzea bera enplegurako eta hazkunde ekonomikorako aukera gisa ikusten ere”. Zainketen kudeaketaren, pertsonen autonomiaren eta mendekotasunari arreta ekonomikoa ematearen ikuspegi hori ere indarra hartzen ari da Europako Batasunaren gomendioetan.

Zainketei dagokienez, zaintza formalez hitz egiten da, norberaren zaintzarako (oheratzea/jaikitzea, janztea, garbitzea/dutxatzea), etxeko lanak egiteko edo janaria jasotzeko etxean hartzen diren zerbitzu profesionalei edo ordainduei buruz aritzeko; eta zainketa informalez, etxean bizi ez den senitarteko, lagun edo bizilagunen batek egiten dituenean.

Zainketekin lotutako enplegu gutxi

Espainian, sektore horretan sortutako enplegua (% 6) Europako beste herrialde batzuetakoa baino askoz txikiagoa da (% 8 Frantzian edo % 12 Eskandinaviako herrialdeetan). Zainketei lotutako enplegu-bolumen horren barruan, erdia baino gehiago etxeko laguntza gisa sortutako enplegua da. Baina, ikerketan adierazten denez, “Espainian etxeko enpleguaren kategoria horren barruan sartzen diren zainketa mota batzuk egoitza-zerbitzuen edo zerbitzu komunitarioen hornitzaileek egiten dituzte modu kualifikatuan beste herrialde batzuetan, eta, beraz, enplegu-hobi hori urrun dago beste herrialde batzuetatik kopuru aldetik ez ezik, kualitatiboki ere”. Horren ondorioz, “Espainiako biztanle gehienek egoitza-zerbitzu garestiak edo etxera etortzen diren langileak kontratatu ohi dituzte”.

zoom Gráfico

Grafikoa. 65 urtetik gorako herritarrak, zainketa-behar ertain-altukoak eta jasotako zainketa mota, herrialdeka.

Espainian, erdi mailako diru-sarrerak dituztenek baino proportzio handiagoan  jasotzen dituzte diru-sarrera txikiak dituzten populazio-sektoreek etxeko zaintzako baliabide formalak, zainketa-sistema publikoaren izaera fokalizatua dela eta. Bestalde, baliabide ekonomiko handiak dituzten populazio-sektoreek maila apalagoko beste batzuek baino neurri handiagoan jaso ditzakete zainketa formalak, gaitasun handiagoa baitute merkatu pribatuko zainketa-zerbitzuak eskatzeko. “Horren ondorioz, litekeena da laguntza informalak sarriago izatea diru-sarrera txikiagoko sektoreetan, etxe horiek zainketa-intentsitate handiagoz hornitzeko estrategia gisa”.

Paradoxikoki, ikertzaileek uste dute oraindik ere zainketa-behar asko daudela erantzunik gabe diru-sarreren maila guztietan, baina batez ere erdi mailako diru-sarrerak dituzten etxeetan, zainketa publikoen sistemaren hautagarritasun-irizpideak gainditzen baitituzte, eta ez baitute behar adinako gaitasun ekonomikorik merkatu pribatuan eskuratzeko. Hala, “Espainian, iraupen luzeko zainketa-sistema urrun dago babesaren arloan aurreratuenak diren inguruko herrialdeetatik; izan ere, herrialde horietan zainketa-sistema unibertsalak  itxura batera eskuragarriagoak dira baliabide gutxien dituzten sektoreentzat”.

Europa mailako konparazioa

Ikerketa horren oinarria Europako Osasuna, Zahartzea eta Erretiroa izeneko inkesta da (SHARE, ingelesezko siglak). Inkesta horrek 50 urtetik gorako populazioari buruzko informazioa biltzen du Europako Batasuneko 27 herrialdeetan eta Israelen. Zehazki, 2020ko ekainean argitaratutako datuak erabili dira (76.520 elkarrizketaren emaitzak, 2017an egindakoak), eta Espainia, Austria, Alemania, Suedia, Italia, Frantzia, Danimarka, Grezia, Belgika, Portugal, Luxenburgo eta Finlandiaren arteko konparazioa egin da, hau da, 24.159 kasurena.

Datu horien arabera, zenbait herrialdek, hala nola Frantziak (% 67,7), Belgikak (% 65,1), Danimarkak (% 65,1) eta Suediak (% 60,4), laguntza formala ematen diete eguneroko jarduera oinarrizkoak eta instrumentalak egiteko muga handiak dituzten hamar pertsonatik seiri gutxienez. Espainian baino 20 puntu gehiago da hori; izan ere, hamar pertsonatik lauk erabiltzen dituzte horrelako zainketak Espainian.

Gainera, Espainian, muga handiak dituzten 65 urtetik gorako pertsonen % 43,7k ez dute inolako arretarik jasotzen (antzeko ehunekoak daude Grezian (% 41,9) eta Italian (% 45,6); beste % 15,5ek, berriz, etxean bizi ez den bizikide edo ahaide baten laguntza jasotzen dute.

Bestalde, Espainian iraupen luzeko zainketa-sistemarako sarbidea inguruko herrialde aurreratuen azpitik dago biztanle guztientzat, haien diru-sarreren maila edozein dela ere. Alemanian, Frantzian edo Belgikan baliabide ekonomiko gutxien dituzten sektoreei laguntza gehiago ematen zaie, eta, diru-sarrerak handitu ahala, behera egiten du laguntza kopuruak; Espainian, berriz, “laguntza formalak ez dira hain ohikoak diru-sarrera ertain-txikiak dituzten etxeetan”.

Azkenik, ikerketak dioenez, “Zainketen sektorean lanpostuak sortzeari dagokionez, Espainia urrun dago oraindik inguruko beste herrialde batzuetatik”, eta “nahiz eta Espainian familiei zeregin garrantzitsua eman zaien zainketetan, laguntza mota hori askotan ez da gauzatzen”.