Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Ilundain Haritz Berri Fundazioak sustatutako Ilundáin Empresa de Inserción Social, S.L.U.ri esleitu dio irabazi-asmorik gabeko edo gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezientzat eta laneratzeko enpresentzat erreserbatutako lehen kontratua, Unibertsitateak Iruñean dituen espazioetarako lorezaintza kontratua hain zuzen. Irailean hasi zen gauzatzen, eta gehienez bost urtez luzatzen ahalko da. 

zoom Jardineria

NUPen lan egiten duen lorezaintza taldeko zenbait kide. Ezkerretik eskuinera: David Morales (teknikaria), Eduardo Sanz (enpresako zuzendaria) José Luis Cano (teknikaria), Asier Clemente, Yussif Ustad, Cosmos Yeboah eta Mikel Giles (gizarteratze prozesuan dauden langileak).

 

Kontratu horren ondorioz, NUPen bi lorezain eta gizarteratzeko prozesuan dauden lau pertsona ari dira lanean, guztiak 30 urtetik beherakoak, eta horietatik hiru inoren kargura ez zeuden adingabeak ziren Espainiara iritsi zirenean. Esan beharra dago, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeak ezartzen duenaren arabera, Foru Komunitateko administrazioek legezko betebeharra dutela halako enpresentzako kontratuak erreserbatzeko. Kontratu horien zenbatekoa “aurreko aurrekontu-ekitaldian adjudikatutako kontratuen zenbatekoaren % 6 izanen da gutxienez”.

Kontratua hiru lotetarako adjudikatu zaio enpresari: Unibertsitateko kirol-instalazioak (1. lotea), Arrosadiko campusa (2. lotea) eta Mutiloako Ikerketa Institutua, Osasun Zientzien campusa, Sario eraikina, praktiketako etxaldeko lorategi-eremua eta Urkiak egoitza (3. lotea). 

Ilundain Gizarteratze Enpresa

Ilundain Fundazioak 1999an sortu zuen aipatutako enplegu-zentroa, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, eta lana lortzeko zailtasunak dituzten gazteei lanerako aukerak eskaintzea du xede. Parte-hartzaileak gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak dira. Oinarrizko gizarte zerbitzuek edo auzoko unitateek bideratzen dituzte, eta gehienez ere hiru urteko lan-kontratua izaten dute. Gaur egun, enpresak 44 pertsona ditu lanean; horietatik 30 gizarteratze-prozesuan daude, eta gainerakoak zenbait arlotako profesionalak dira. Ilundain Gizarteratze Enpresak 20 urtetik gorako ibilbidea du, eta batez ere lorezaintzaren sektorean dago espezializatua, nahiz eta beste hainbat zerbitzu ere ematen dituen, besteak beste, arotzeria edo hiri-altzarien diseinua eta instalazioa.

Enpresaren lan-metodologia “prestakuntza eta orientazio pertsonalizatuan oinarritzen da, ohitura eta baliabide pertsonalak eskuratzeko aukera ematen duen lan-testuinguru batean”, arduradunek adierazi dutenez. Gaur egun, “gizarteratze enpresak zenbait zerbitzu ematen dizkie erakunde publiko eta pribatuei, eta, horiei esker, pertsona horientzako enplegu-aukerak lortzen dituzte”, esan dute amaitzeko.