Joan eduki nagusira
zoom Javier Arza Porras

Javier Arza Porras, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea

Crisis de la COVID-19: Impacto en hogares de la comunidad gitana” azterketa konfinamenduko 0 fasean egin zen, eta agerian utzi ditu Espainian aldez aurretik zeuden desparekotasunak, baita ijito komunitatearen kasuan ere. Lanaren egileen arabera, “eragina osasun-arlotik harago doa, eta inklusio sozialaren alderdi guztiei eragiten die, hala nola enplegua, hezkuntza, diru-sarrera ekonomikoak, oinarrizko beharrak asetzea edo diskriminazioa”.
Javier Arza Porrasek koordinatuta eta Daniel La Parrak zuzenduta —Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Alacanteko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, hurrenez hurren—, txostena aliantza baten bidez garatu da, eta bertan parte hartu dute Nafarroako eta Alacanteko unibertsitate publikoetako eta Carlos III Osasun Institutuko ikertzaileek, bai eta UNGA (Asturias), FAGA (Valentziar Komunitatea), Red Artemisa (Madril), Gaz Kalo (Nafarroa), Nevipen (Bizkaia) eta Equi-Sastipen-Rroma ijito elkarteek ere.

Zehazki, 2020ko apirilaren 12tik maiatzaren 10era bitartean, telefono bidezko inkesta egin zitzaien ijitoen bizileku diren eta konfinamenduko 0 fasean zeuden 592 etxeren lagin bati. Testuinguru desberdinetako egoera ezagutu ahal izateko, inkestak errealitate politiko, sozial eta ekonomiko diferenteko lurraldeetan egin ziren: Asturias, Valentziar Komunitatea, Madril, Murtzia, Nafarroa eta Bizkaia.

Ikerketaren emaitzek erakusten dute pandemiak eragin handia izan duela ijitoen artean, “bazterketa sozialeko zenbait prozesuren eraginpean baitzeuden, eta aurreko krisiak eragindako ondorioetatik apenas oneratu baitziren”.

Hala ere, azterlanaren koordinatzaileak azpimarratzen du “zorionez, inkestaren emaitzek babes-faktoreak ere erakusten dizkigutela, hala nola familia zabalaren kohesioa, zeinak indartsu jarraitzen baitu pandemiaren eragina arintzen”. Ijitoek elkarri emandako laguntzari esker, hobeto egin ahal izan zaie aurre krisi horrek eragindako behar, galera eta kalteei. Mutualismo tradizional horren osagarri, ijito elkarteen laguntza giltzarri izan da konfinamendu garaian, ijito-familia askorentzat.

Pandemiak gure gizartean zaurgarritasun handiena duten sektoreetan duen eragina dela-eta, arreta jarri behar da etxebizitza sozialean, hezkuntza inklusiboan, enplegu duin eta seguruan, gizarteratzeko gutxieneko errentetan, erkidegoko osasun-laguntzan edo bereizkeriaren aurkako borrokan aldez aurretik egiten den inbertsio eskasean. Horregatik, pandemiaren ondoko garaiko politikek dimentsio anitzeko ikuspegia izan behar dute, eta sektorearteko esku-hartzearen ikuspegia, zuzentasunera bideratua. Ricardo Hernández Gaz Kaloren koordinatzaileak dioenez, “funtsezkoa izango da ijitoek eta haien gizarte zibilak politika guztien diseinuan, garapenean eta ebaluazioan parte hartzea”.

Osasun eta hezkuntza arloetako emaitzak

Osasunaren arloan, pandemiaren eraginaren ondorioz okerrera egin du norberak osasunaz duen iritziak. Pandemia baino lehen beren osasuna “txarra” edo “oso txarra” zela zioten pertsonen ehunekoa % 2,6koa zen; konfinamenduan % 17ra igo zen, eta “erdipurdiko” osasuna dutela uste zuten pertsonen ehunekoa bikoiztu egin zen (% 18,8tik % 34,8ra). Halaber, inkestari erantzun dioten hamar pertsonatik zortzik adierazi dute konfinamenduan COVID-19a ez den beste osasun arazoren bat izan dutela familian. Gehienek (% 82) “antsietate- edo depresio-arazoak” aipatzen dituzte, eta egoerak familietan eragin emozional handia izan duela erakusten du horrek. 

Hezkuntzari dagokionez, adingabeak dituzten familien erdiek etxetik ikasketak egiteko zailtasunak dituztela adierazi dute. Zenbait eten aipatzen dira. Lehenengoa, eten digitala, zeinak familien % 26ri eragiten baitie, ekipo informatikorik ez dutela baitiote. Bigarrena ezagutza transmititzeko arrakala da; izan ere, familia guztien % 18k adierazi du adingabeek ezin dituztela ulertu irakasleek proposatutako edukiak edo lanak, eta, gainera, familien % 14k adierazi dute ez dutela beren kideen artean ikasleari edo ikasleei ikasgaietako zereginak edo edukiak ulertzen lagunduko dien pertsonarik. Hirugarren arrakala eskolakoa da; izan ere, familien %17ren arabera zailtasuna da irakasleen edo ikastetxeen jarraibiderik ez izatea, eta laginaren % 15ek dio ezin dituela eskuratu testuliburuak eta beharrezko materialak. Javier Arza azterlanaren koordinatzaileak dioenez, “arrakala horiek guztiek lagundu lezakete eskura ditugun azterketen arabera hezkuntza-desparekotasuneko egoera larrian zeuden ikasleen hezkuntza-prozesuak okertzen”. 

Diru-sarrera ekonomikoak eta bereizkeria handiagoa

Enpleguaren arloari dagokionez, elkarrizketatutako bi pertsonatik batek ikusi du bere familiako kideen lan-jarduerak nolabait kaltea jasan duela konfinamenduan (enplegu-galera, lan egiteko ezintasuna, aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea). Gehienek (% 90) adierazi dute beren familian inork ezin izan duela lan-jarduera telelanera egokitu. Faktore horrek eragin negatiboa izan dun familia horietako kideen enpleguan. 

Halaber, familien erdien baino gehiagoren diru-sarrera ekonomikoak nabarmen jaitsi dira. 20 puntu igo da diru-sarrerak dituen kide bakar bat duten familien ehunekoa (% 41,4tik % 61,2ra), bai eta diru-sarrerarik ez duten familien ehunekoa ere, 7 puntu igo baitira (% 2,6tik % 9,5era). Nafarroako ijito elkarteen Gaz Kalo Federazioa funtsezkoa izan da Foru Komunitatean inkesta egiteko. Honako hau adierazi du Ricardo Hernándezek, aipatu erakundearen koordinatzaileak: “diru-sarrera ekonomikoak murriztearen adierazpen dramatikoenetako bat oinarrizko elikagaiak eskuratzeko zailtasunak areagotzea da”, zeinak gutxi-asko hamar familiatik zortziri eragiten baitie. 

Gainera, aipatutako arazoen eraginaz gain, etxe horietan diskriminazioaren pertzepzioa ere nabarmena da. Inkestari erantzun dioten pertsonen % 56k adierazi dute ijitoenganako diskriminazioa areagotu egin dela alarma-egoeraren hasieratik, eta % 20k dio berak edo bere familiako kideren batek zuzenean pairatu duela diskriminazioa.