Hasiera > Kultura eta Dibulgazioa > Erakusketak > Tuterako campusa
Noiz: 2025eko maiatzaren 2tik ekainaren 13ra
Eguzki izpi bat uraren gainean une jakin bateko oroitzapena pinturaren bidez birsortzeko nahia da.
Udako arratsaldeetan hasi naiz pentsatzen.
Uretan murgildu eta igerilekuaren hondoraino egin dut igeri. Bizkarra lurrean jarri eta gora begira jarri naiz. Zerura begiratu dut ur masan zehar. Txundituta gelditu naiz leku horretatik deskubritzean paisaia. Geldirik dago dena; badirudi denbora gelditu egin dela une batez. Eguzkiak islak marrazten ditu gainazalean; izpi horiek lerro distiratsuak sortzen dituzte zeruan. Begira egoteko ariketak une bat besterik ez du iraun; ihes egiten dit eskuetatik, ura balitz bezala.
John Bergerren arabera, jasotzen dugun horri forma emateko ekintza da sorkuntza, nire kasuan pintura. Ikuspegi horrek eragin sakona du nigan; praktika artistikoa interakzio eta esperimentazio gune gisa ulertzen dut, non pinturak, ereduarekin (jasotakoarekin) duen harremanaren bidez, aukera berriak deskubritzen baititu; horrela, pintura bere kabuz gertatzen da.
Filosofia horren bidez ahalegindu naiz une hartako oroitzapenaren eta irudikatzen dudanaren arteko intersekzioan lan egiten. Horretarako, kolorea eta forma naturalak erabiltzen dituen margolan serie bat sortu dut, hurbildu nahi dudan paisaia birsortzeko. Lanean aurrera egin ahala, igerilekuaren espazio horri loturiko beste oroitzapen batzuk agertu dira.
Horrekin guztiarekin, besteen begiak gonbidatu nahi nituzke erreala den eta irudikatua den horren arteko eremuan murgiltzera une labur batez. Uraren gaineko eguzki izpi baten moduan istant batzuk irauten duen behaketa-ariketa bat bultzatu nahi nuke.
JARA NAVARLAZ NAPAL (Iruñea, 1995); Iruñean bizi da, eta bertan egiten du lan.
EHUn egin zuen Arteko Gradua, eta, ondoren, Arteko Ikerketako eta Sormeneko Masterra unibertsitate berean. Tabakalerako JAI programan parte hartu du. Zenbait lehiaketatan hartu du parte bere obrarekin, hala nola Ertibil-Bizkaia lehiaketan eta Arte Gaztearen Nafarroako Lehiaketan. Zenbait egonaldi ditu eginak La Escocesan (Bartzelona) eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroan (estudio bat lagata). Erakusketa ugaritan hartu du parte, bai taldekoetan bai banakakoetan, besteak beste espazio hauetan: Artium (Araba), Tallers Oberts (Bartzelona), Phase.ctv gallery (Madril) eta Uharteko Zentroa (Nafarroa).