Hasiera > Kultura eta Dibulgazioa > Erakusketak > Tuterako campusa
Noiz: 2025eko urtarrilaren 22tik martxoaren 12ra
Keinu bat. Keinu sinple bat, mugimendu bat, norabide bat, eguneroko emozio bat, sinpletasunaren potentzia kondentsatzen duena. Keinu ikusezin bat, itxuraz existitzen ez dena.
Behin irakurri nuen errailetik ateratzen direnean bakarrik existitzen direla trenak. Gertakari bat zenbat eta ezohikoagoa izan, gehiago existitzen da. Interpelatzen gaituzten gorputz bakarrak ezohikoak balira bezala. Baina, zer gertatzen da begi-bistakoa, arrunta, normala, ohikoa den horren gorputzekin? Non egoten dira? Nola ematen zaie balioa? Nola galdekatzen dira, egiten dira ikusgai; nola uzten zaie azaleratzen?
Ohikoa den hori esploratzea erresistentzia-ekintza bat da. Egunerokoaz hitz egiteak ikusgarri dagoenaren eta ezkutuan dagoenaren arteko harremana ikertzea eskatzen du: geruzak, gardentasuna, bihurguneak, erotismoa. Kurba, zirkulua. Zirkulua, elkartzeko nukleo moduan; besteak gonbidatu, inguratu eta zeharkatzen dituen figura moduan.
Keinua zeharkatu, hura kanpotik ulertzeko, eta barrenetik begira diezagun utzi. Emozioa sortzen duen mugimendutik. Absentziatik. Hutsetik, modu zuzenean ulertuta.
Zenbat keinu behar dira etor zaitezen?
Zenbat keinu behar dira begira diezadazun?
Leyre Arraizak (Izaba, 1997) Dekorazio Obren Goi Mailako Teknikariaren titulua (Iruñea) lortu zuen 2017an. Arte Ederretako Gradua du (EHU, 2021), bai eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ere (EHU, 2023). Gaur egun, Arte Garaikideko Ikerketako Doktoretza ari da egiten unibertsitate berean.
Leku hauetan egin ditu bere obraren erakusketak: Artnueve (Murtzia, 2024), Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, 2024), Itsasmuseum museoa (Bilbo, 2024), Arte Gaztearen Nafarroako Topaketak (Huarteko zentroa; 2021, 2023 eta 2024), Kondestablearen Jauregia (Iruñea, 2022), Horkasitas Jauregia (Balmaseda, 2022) eta Aire galeria (Bilbo, 2023). Herética(s) arte-taldeko kidea da, eta Nafarroako Arte Gaztearen Topaketak saria irabazi zuen 2023an. 2022an, egonaldi bat egin zuen BilbaoArte Fundazioan (Bilbo).