Hasiera > Kultura eta Dibulgazioa > Erakusketak > Sarioko sarrera
Noiz: 2025eko martxoaren 7tik apirilaren 29ra
Insuladas erakusketak norberaren eta besteen bakardadean barna bidaia egiteko aukera ematen du. Erakusketak zenbait erretratu biltzen ditu, «ínsula» (uharte) diren emakumeekin, hau da, Formentera uhartean bakarrik bizitzea erabaki duten emakumeekin egindako topaketen emaitza direnak.
Erakusketak kartografia fotografiko eta emozional bat eraikitzen du, non bakardade konkistatuaren irmotasuna ahuldade partekatuarekin orekatzen baita sororitatearen bidez. Erretratuez gain, erakusketak uhartean zehar egindako ibilaldi luzeetan ateratako argazkiak biltzen ditu, non paisaiak eta xehetasunak protagonisten ahots eta kontakizunekin lotzen baitira, askatasuna eta nortasun propio baten eraikuntza islatzen dituen egunkari bisual bat sortuz.
Insuladas ez da soilik irudi sorta bat; autonomiari, askatasunari eta emakume bakoitzak bere burua definitzeko moduari buruzko hausnarketa ere bada.
Irene Larrañaga Arruti (Azpeitia, 1972) argazkilaria eta kazetaria da. Bi hamarkada baino gehiago darama Euskal Telebistan kazetari lanean, eta duela sei urtetik Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko komunikazio taldeko kide da.
Zuri-beltzaren esplorazioak eta bistakotik haratago doazen istorioak kontatzeko nahiak markatu dute egileak argazkigintzan egindako ibilbidea.
Argazkigintzarekin duen harremana haurtzaroan hasi zen, eta ordutik konstante bat izan da egilearen bizitzan. Bilboko CFC zentroan egin zituen ikasketak, eta argazkigintza dokumentalean eta egile argazkigintzan sakondu zuen.
Inaugurazioa artistarekin: 2025eko martxoaren 7an, ostirala, 19:00etan