Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Sarioko sarrera

Fernando Renes: Vestibulum

2021ko irailaren 3tik urriaren 22ra

Vestíbulo hitza (atondoa) gaztelaniaz vestíbulum latineko terminoan dauka jatorria, eta etxe erromatarraren sarrera izendatzen du. Gaur egun, eraikin batera sartzeko guneak zeregin horri berari eutsi dio eta kaletik barnera igarotzeko pausua zedarritzen du. Hartara, atondoa trantsizio gunea da, eta agur egitekoa.

Sarion, Fernando Renesek bere jatorrizko zeregina itzultzen dio erakusketa guneari, bertan jarritako instalazio baten bidez. Xede horretarako, tradizio hispano-islamiarrari heltzen dio, eta 2.800 azuleju erabiltzen ditu hormak janzteko. Artistak koloreen eta forma geometrikoen arabera antolatu ditu zeramika-piezak, korridorean barna marrazki bat hedatzen delarik. Eta teknika honek kalkulua egitea eskatzen duenez, Fibonacci segida hautatu du piezak kokatzeko. Naturan hain zabaldurik dagoen eredu matematiko honetan, zenbaki bakoitza aurrekoen baturaren emaitza da (1, 2, 3, 5, 8, 13…). Haren bidez, Fernando Renesek marrazkia espazioan progresiboki haztea eragin nahi du.

Fernando Renes (Covarrubias, Burgos, 1970) Bilbon bizi da. 90eko hamarkadan hasi zen bere artelanekin, marrazketa eta animazioa erabiliz batik bat. 2014an Espainiara bueltatu zenean, New Yorken eta Erroman 17 urtez bizi ondoren, zeramika lantzen hasi zen, eta hiru dimentsioko euskarri bernakularra eman zien bere piezei.
Hainbat lekutan egin ditu bere lanen erakusketak: La Casa Encendida (Madril), DA2 (Salamanca), CAM Raleigh (Ipar Carolina, Estatu Batuak), Mucsarnok Kunsthalle (Budapest), Cabañas Institutu Kulturala (Guadalajara, Mexiko), Caja de Burgos CAB Arte Zentroa (Burgos), TRANS›area (New York), CentroCentro (Madril) eta MAC Genalguacil (Málaga), besteak beste.

Bestalde, zenbait argitalpenetan ere agertu da bere obra, hala nola 100 artistas españoles (EXIT, 2008) eta Vitamin D, New Perspectives in Drawing (Phaidon, 2005) lanetan.