Hasiera > Kultura eta Dibulgazioa > Azken ordukoak
Liburuak, hizkuntzak eta itzulpena: hitzezko zubiak.
Infinitua ihi batean: Solasaldia Irene Vallejoren eta bere itzultzaile Fernando Reyren artean
Otsailak 23, osteguna
18:00etan
Nicolás García de los Salmones aretoa (Olibondoak eraikina, 1. solairua).
Irene Vallejo
Irene Vallejok (Zaragoza, 1979) haurtzarotik izan ditu oso gustuko Greziako eta Erromako kondairak. Filologia Klasikoa ikasi eta Europako Doktoretza lortu zuen Zaragozako eta Florentziako unibertsitateetan. Hain zuzen, Florentziako liburutegietan sortu zen Infinitua ihi batean (2019) haren saiakera. Harrera bikaina izan du kritikaren nahiz irakurleen aldetik, eta oso argitalpen arrakastatsua da jada nazioartean. Sari hauek jaso ditu Espainian: Saiakeraren Sari Nazionala, ‘Begi Kritikoa’ Narratiba Saria, Henríquez Ureña Saiakeraren Nazioarteko Saria, Liburu-denden gremioaren ‘Liburu-dendek gomendatzen dute’ Saria, Madrilgo Liburu-denden Saria, ‘Humanitateen Ekintza Zibikoa’ Saria, ‘José Antonio Labordeta’ Saria, Editoreen ‘Antonio Sancha’ Saria eta 2021eko Aragoi Saria, besteak beste. 45 edizio izan ditu Espainian, hogeita hamabost hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute, eta berrogeita hamar eta gehiago herrialdetan ari dira argitaratzen.
Idazle klasikoen dibulgatzaile sutsua, prestigiozko zenbait hedabiderekin aritzen da lankidetzan, besteak beste: El País, Heraldo de Aragón eta Cadena Ser Espainian eta Milenio eta Laberinto Mexikon. Bere artikuluak zenbait liburutan bildu dituzte, hala nola: Alguien habló de nosotros (2017) eta El futuro recordado (2020). Fikziozko bere lanen artean, aipatzekoak dira La luz sepultada (2011) eta El silbido del arquero (2015); azken hori Homeroren eta Virgilioren oihartzunak dituen eleberri historiko berezi bat da, eta zenbait hizkuntzatara itzuli dute. Horrez gain, bi ipuin ilustratu argitaratu ditu: El inventor de viajes (2014), José Luis Cano artistarekin batera, eta La leyenda de las mareas mansas (2015), Lina Vila margolariarekin, kondaira klasikoak irakurle gazteei hurbiltzeko. 2020. urtearen amaieran, Manifiesto de la Lectura (2020) liburua argitaratu zuen, Editoreen Gremioak eskatuta. Proiektu sozialetan ere laguntzen du, esate baterako Believe in Art proiektuan, zeinean artea eta literatura birsortzen baitituzte haurrentzako ospitaleetan.
Fernando Rey
Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua izan arren, Fernando Reyk (Iruñea, 1961) itzulpengintza eta hizkuntzak izan ditu beti ofizio eta afizio. Euskararen birus onberak infektatu zuen, eta, senda ezinik, pasioz aritu da harrezkero euskara sustatzeko eta gaztelaniaren, italieraren eta lingua navarrorumaren artean hitzezko zubi bat sortzeko lanean.
Euskara irakaslea izan da, eta urte askoz itzultzaile aritu da Nafarroako Gobernuan. Orain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko itzultzaileen taldearen arduraduna da, Euskararako Atal Teknikoan.
Lan ugari argitaratu ditu, Igela argitaletxearekin batez ere. Itzulpengintzako Euskadi Saria irabazi zuen, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez euskaratzeagatik. Beste egile askoren lanak ere argitaratu ditu, besteak beste: Elena Ferrante, Jan Neruda, Alessandro Baricco, Fleur Jaeggy, Lorenza Mazzetti, Milena Agus, Orhan Pamuk, Natalia Ginzburg, Bohumil Hrabal, Jan Neruda, Andrea Camilleri, Yasar Kemal, Arantxa Urretabizkaia…
Irene Vallejoren Infinitua ihi batean liburua itzultzeak aztarna utzi dio.