Hasiera > Kultura eta Dibulgazioa > Azken ordukoak
Nafarroako Unibertsitate Publikoak udako sei ikastaro eskainiko ditu unibertsitate zabalpeneko jardueren esparruan, eta martxotik maiatzera bitartean garatuko dira. Ikastaroak bai unibertsitateko komunitatearentzat bai beste edonorentzat dira, eta 10 eurotik 15 eurora bitarteko prezioa dute. Izen-ematea modu presentzialean edo online eginen da.
“NUP Sketchers” ikastaroak Unibertsitatean marrazkilari talde baten sorrera dinamizatzea du xede. Fermín Alvira artistak gidatutako taldea astean behin bilduko da ordu eta erdiko saio bateratua egiteko, Unibertsitateko campusean edo Iruñeko beste tokiren batean. Ostegunetan, 15:00etatik 16:30era emanen da, martxoaren 24tik maiatzaren 19ra arte.
Martxoaren 15ean, “Espainiako erakunde politikoak: erradiografia bat” ikastaroa hasiko da, eta Jorge Urdánoz Zuzenbide Saileko irakasleak zuzenduko du. Astearteetan eginen da, 18:00etatik 20:00etara, apirilaren 12ra arte. Ikastaroak gaur egungo une politikoaren erradiografia bat eskaini nahi du, eta ikuspegi instituzionaletik begiratzen die egoera horren muinean dauden egiturei, antzezleei baino gehiago.
“Arraroak bai, baina ez ikusezinak” ikastaroa, Esther Vicente Osasun Zientzien Saileko irakasleak zuzendua, saio bakarrean eginen da, martxoaren 22an, asteartea, 17:00etatik 20:00etara Xedea da gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eguneroko errealitatea testuinguruan jartzea, Nafarroan egindako ikerketak azaltzea, sentsibilizazio materialak aurkeztea eta esparru horretako esperientzia didaktikoa partekatzea.
Apirilean, “Unibertsoa agerian jartzen: gizakia eta kosmosa” ikastaroa hasiko da, eta Carlos Sáenz Gamasa Zientzien Saileko irakasleak zuzenduko du. Ikastaroa astronomiari buruzkoa da zentzu zabalean, eta ostiraletan eginen da, 17:00etatik 19:00etara, apirilaren 29tik maiatzaren 27ra.
Maiatzaren 10ean eta 11n, goizez eta arratsaldez, “Pandemia eta bazterketa sozialeko prozesuak” ikastaroa eginen da, eta Miguel Laparra eta Nerea Zugasti Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleek zuzenduko dute. Ikastaro honen helburu nagusia honako hau da: gogoeta bultzatzea COVID-19aren krisiak estatu mailako kohesio sozialean eta, zehazki, bazterketa sozialeko prozesuetan izan dituen ondorioei buruz.
Azkenik, maiatzaren 13an, ostirala, eta maiatzaren 14an, larunbata, “Ongizatearen bidaiarako iparrorratzak” ikastaroa eginen da, eta Ana Aliende Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak zuzenduko du. Jarduerak proposatzen du gogoeta egitea gorputzari buruzko pertzepzio, kontzientzia eta ulermen mailen inguruan.
Izen-emateak, bai unibertsitateko komunitateko kideentzat bai beste edonorentzat, irekita daude jada.