Introducir texto para la búsqueda (*)
Introducir texto para la búsqueda (*)
  • ES
  • EU

Expresarte

Jendaurrean hitz egitea

Aurkezpena

Ikastaro honetan tresnak eman nahi dizkizuegu bizitzan zehar jendaurrean hitz egiteko egoeretan airoso ibiltzeko: eskola bat ematean edo lan bat azaltzean; produktu, zerbitzu edo ideia bat saltzean; jendaurrean tesi bat defendatzean; oposizio azterketa batean gai bat garatzean; lan elkarrizketa bat egitean; tailer, mintegi edo ikastaro bat zuzentzean; hitzaldi bat ematean; edo beste edozein egoeratan. Egoera horietan guztietan behar dira, arrakasta izan nahi bada, jendaurrean hitz egiteko artea eta teknika, bai eta zenbait estrategia komun, abilezia, teknika eta baliabide ere.

Oro har, jendaurreko hizketa da beldur handiena eragiten diguna, arretaren erdigune bihurtzen baikara. Halako egoeretan, zenbait jakintza ditugula erakutsi behar dugu, baina gainera, airoso jasan behar ditugu entzuleen kritika eta balorazioa, eta, normalean, arrakasta bermatuko digun aurretiazko ezagutzarik gabe.

Unibertsitate garaian lanbide batean aritzeko hainbat ezagutza eskuratzen ditugu, baina maiz ahaztu egiten zaizkigu beste hainbat abilezia, hala nola jendaurreko hizketa, eta ez diegu behar adinako arreta ematen, nahiz eta ezinbestean erabili beharko ditugun. Eman diezaiogun horri irtenbidea.

Helburuak:

  • Jendaurreko hitzaldi baten gakoak ulertzea, efizientziaz aritzeko egoera eta une bakoitzean egokiena den baliabidea erabiliz (intonazioa, keinuak, erregistroak, bolumena, etab.)
  • Teknika eta baliabide multzo hori gureganatzea, berez sortuko zaizkigun trebetasun eta abilezia bihurtzeraino. Ez da ikaskuntza mekaniko bat, kontua naturaltasuna eskuratzea da.
  • Oratoriaren berezko abileziak ezagutzea eta barneratzea, publikoan hitz egitearen erronkari berme batzuekin aurre egiteko, eta horretarako, mezua modu argi eta eraginkorrean transmititzeko gai izatea.
  • Beldur eszenikoari aurre egitea eta hura gainditzea. Halako egoerek dakartenaz jabetzea, baina ondo arituko garen konbentzimenduz aritzea.
  • Gure gorputzaren komunikazio ahalmena kudeatzea, eta irudi orekatu bat garatzea, ezinbestekoa baita bizitza profesionalerako. Beharrezkoa da gure indarguneak ezagutu eta indartzea, gero probetxua atera nahi badiegu, baina gure mugak ere oso ongi ezagutu behar ditugu. Horrek beldurrari aurre egiten lagunduko digu.