Keinu hizkuntza ikasteak inklusioa sustatzen du, praktika pedagogikoa aberasten du, neurodibertsitatea duten ikasleekiko komunikazioa errazten du eta hezkuntzako profesionalei moldakorragoak eta dibertsitatearen aurrean sentiberagoak izaten laguntzen die.
Egungo hezkuntza-testuinguruaren lege-esparruak hezkuntza inklusiboko ereduak sustatzen ditu. Hezkuntza-inklusioaren helburua da ikasle guztiek, beren ezaugarri eta premia partikularrak edozein direla ere, aukera berdinak izatea eskola-ingurunean ikasteko, parte hartzeko eta ekarpena egiteko. Paradigma hori ezgaitasunak edo hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak ikasgela konbentzionaletan integratzetik harago doa; hezkuntza-ingurunea guztiontzat eskuragarria, errespetuzkoa eta moldagarria izatea eskatzen du.
Gure ikasgeletara gorreria, hipoakusia edo bestelako entzumen-zailtasunen bat duten ikasleak etortzen dira. EKHari buruzko oinarrizko ezagutzak izateak ikasle mota horrekiko komunikazioa errazten du, eta, era berean, komunikazio-oztoporik ez dagoen giro inklusiboa sortzen laguntzen du, eta, hala, ikaskuntza bidezkoagoa eta aberasgarriagoa izateko modua ematen.
Gainera, keinu hizkuntzak zubi funtzioa betetzen du maisu-maistren eta ikasle neurodibergenteen artean. Autismoaren Espektroko Nahasmendua edo Hizkuntzaren Garapen Nahasmendua duten ikasleentzat keinu hizkuntza baliabide baliotsua izaten ahal da komunikazioa hobetzeko eta elkar hobeki ulertzeko. Irakasleei komunikaziorako tresna bimodalak ematean, ingurune pedagogiko malguagoa eta moldagarriagoa sustatzen da, ikasle bakoitzaren premia indibidualei erantzun eraginkorra eman diezaien.
Keinu hizkuntzako gaitasunak eskuratzea ez da soilik inklusio kontu bat; maisu-maistrentzak, eta, bereziki, Pedagogia Terapeutikoko eta Entzumen eta Hizkuntzako espezialistak arlo profesionalean aberastea ere badakar. Trebetasun gehigarri horrek zabaldu egiten du beren errepertorio pedagogikoa, eta ikuspegi zabalagoa ematen die komunikatzeko moduei buruz. Ondorioz, dibertsitatearekiko sentsibilitate handiagoa sustatzen da, eta zenbait ikaskuntza-estilo egokitzeko trebetasunak bultzatzen dira, zeina funtsezkoa baita hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleekin lan egiteko.
Ikastaroaren helburuak
- Ikasleei oinarrizko ezagutza praktikoak eta teorikoak ematea beren lan-eremuari aplikatutako keinu hizkuntzari buruz, gorrekin interakzio eraginkorra izan dezaten.
Helburu espezifikoak:
• EKHaren oinarrizko hiztegia ikastea, zenbait egoera espezifikotarako erabilgarria dena.
• Oinarrizko mezuak igortzea eta jasotzea EKHan.
• EKHaren oinarrizko baliabide gramatikalak bereiztea eta erabiltzea.
• Gorren komunitateari eta haien ezaugarri psikosoziologikoetako batzuei buruzko oinarrizko kontuak ezagutzea.