Zenbait autonomia-erkidegotan xakea eskola-orduetan txertatu ondoren, eta gehiagok ere hala eginen dutenaz ziur, beharrezkoa da irakasgai hori eskola-orduetan –eta batzuetan eskolaz kanpoko jardueretan– landuko duten irakasleek, irakasle gisa duten prestakuntza pedagogikoaz gainera, xakearen didaktikari eta diziplinari buruzko prestakuntza espezifikoa izatea, ikuspegi hezigarri batetik betiere, xake-jokoak hezigarria izateko dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, eta haren izaera ludikoa ikasleek zenbait konpetentzia gara ditzaten baliatzeko.
Etorkizuneko irakasleei zuzendutako Xake Hezigarriaren lerro horren helburua da “Xake Hezigarriaren 7 koloreak” ereduaren maila urdinera iristea ikasleak. Horretarako, Xake Hezigarriaren mundua ezagutzen hasteko eta hartan sakontzeko behar diren ezagutza, bitarteko, dinamika eta baliabide guztiak eskainiko zaizkie, argi izanik asmoa konpetentzietan heztea dela.
Hori horrela, Xake hezigarria beste diziplina batzuekin uztartuko da, hala nola hauekin: Musika, Historia, Literatura, Antzerkia eta Matematika. Gelako ikasleen maila eta erritmo ezberdinei behar bezalako arreta eman beharko zaie, xakea pertsonalizaziorako plataforma gisa eta funtsezko konpetentziak lantzeko erabiltzeaz gain, beste konpetentzia hauek ere lantzeko: pentsamendu analitikoa, pentsamendu kritikoa, pentsamendu gogoetatsua, automotibazioa, arazoak ebaztea, planifikazioa, erabakiak hartzea, dibertsitatea eta kulturartekotasuna eta talde lana.
Arestian aipatu den moduan, honako hauek ezagutu eta baloratzen ere lagundu nahi du: xakeak dituen hezkuntza-aukerak, hura praktikatzen dutenen garapen pertsonalari eta sozialari egiten dion ekarpena, eta pertsona guztiei ekartzen ahal dizkien onurak, haien adina edozein izanik ere.
Maila urdinera iristean, parte-hartzaileek prestakuntza sendoa izanen dute Xakearen didaktikan, batez ere haren alderdi hezigarriari buruzkoa, bai eta xakeari eta metodologiei buruzko ezagutza sakona ere. Horrek aurrerago ezagutza horietan gehiago sakontzeko aukera emanen die, eta Xake Hezigarriko monitorearen lana bermez gauzatzekoa.
Ikastaro hau ikasgelan –baita etxean, klubetan, elkarteetan edo entitate sozialetan ere– Xake Hezigarria eta terapeutikoa lantzeko prestakuntza jaso nahi duten unibertsitateko ikasleei zuzendua dago, eta ez da behar xakeari buruzko aldez aurreko ezagutzarik.
Eredu honek indar handia jartzen duenez dibertsitatearen lanketan –ikasleek etorkizunean beren ikasgeletan aplikatu beharko baitute–, ikasle bakoitzak bere erritmoan eginen du bidea, eta pixkanaka maila zuria, horia, laranja eta berdea gainditu beharko ditu.
Horri esker, ikasgelan maila eta erritmo desberdinak izanen dira, ikasleen hasierako mailaren, gaitasunaren, interesaren eta lan pertsonalaren arabera.
Ohikoa izanen da hainbat kolore egotea –Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan ere hala izaten da–; ikaskideek elkarri laguntzeko bidea emanen du horrek, eta oso lagungarria izanen da konpetentzien ikaskuntza-helburuak lortzeko.
Lauhileko bakoitzean, kolore batetik bestera pasatzeko ebaluazioak eginen dira; ikasleek bakoitzak bere mailari dagozkien jarduerak egin beharko ditu, eta etapa bukaerako lanak aurkeztu.
Ikastaroaren helburuak: