Francisco Javier Sanz Morales
Aurreko edizioetan bezala, elkarren artean geologikoki oso desberdinak diren lau zona proposatu ditugu; denak batuta, Nafarroako erregistro geologikoaren arroka, paisaia eta garai gehienen adierazgarri dira.
Antolatutako ibilaldiak irizpide bati jarraikiz ordenatu dira: interes geologikoko lekuak erakustea da helburua, eta, horren bidez, Nafarroako geologia-historiaren denborazko jarraipena eta leku batzuen eta besteen arteko loturak egitea. Ondotik deskribatzen ditugun zona bereziak aukeratu ditugu, bertaratzeko erraztasuna aintzat harturik.
– 01. ibilbidea: Fiteroko Bainuetxea. Ibilaldi atsegin honek aukera emanen digu "Roscas de Fitero” izena eman zaion modelatuan zehar ibiltzeko, zeina konglomeratuen gainean zizelkatua dagoen forma bitxia baita. Ibilaldiak aukera emanen digu Tudején gaztelua bisitatu, eta bestelako material geologiko batzuk ikusteko. Alhama ibaiaren sisteman ibiliko para paseoan, eta Fiteroko Bainuetxeko ur termal ospetsuen iturburua eta haien testuinguru geologikoa ezagutzeko parada izanen dugu.
Ibilbideak 10 kilometro inguru ditu, eta 400 bat metroko desnibela. Ibilbidea Fiteron hasi eta Fiteroko Bainuetxean amaituko da.
– 02. ibilbidea: Jurramendiko eta Sorladako tontor harritsuak. Ibilbide honen helburua Lizarrako diapiroa ikustea da, bere panoramika osoan, ongi ulertzeko zein duen jatorria eta zergatik duen sekulako tamaina hori. Horretarako, Jurramendiko tontor harritsuetara igoko gara; goitik, ikuspegi paregabea izanen dugu.
Bigarren geldialdia Sorladan eginen dugu: Sorladatik Mueserako tontor harritsuak korrituko ditugu San Gregorio basilikatik hasita, eta bi domeinu geologiko handiren arteko muga markatzen duten mendi-erliebe horien guztien arteko lotura ulertuko dugu.
Jurramendi mendirako ibilbideak 6,5 km inguruko joan-etorria du, eta 400 metro baino gehixeagoko desnibela. Sorladan eginen dugun paseoak 1 km-ko joan-etorria du, eta ez du ia desnibelik.
– 03. ibilbidea: Sartaguda - Azagrako igeltsu-harrizko irtenguneak. Ibilbide zoragarri honek aukera ematen du egitura geologiko garrantzitsuenetako batzuk bisitatzeko, adibidez Azagrako antiklinala, eta tartean dauden material geologikoak aztertzeko, nagusiki igeltsu-harria. Material plastiko mota horien –nagusi dira Nafarroako Erriberako parte handi batean– estilo tektoniko tipikoa nolakoa den ulertuko dugu.
Sartagudako ibilbideak 10 km inguruko joan-etorria du, eta 100 bat metroko desnibela. Azagra tontorrerako igoerak eta ingurumarietako ibilaldi laburrak osotara 3 km baino gehixeago dituzte, eta 80 metroko desnibela.
– 04. ibilbidea: Urederra ibaiaren kare-tobak eta ibaiaren iturburua. Urbasako larreak eta podzolak. Azken ibilaldi honetan Urederra ibaiaren iturburura joanen gara; hartan, ur azpiko ur-gordailu garrantzitsu batean biltegiratutako urek nolako higadura-efektu indartsua duen ikusiko dugu. Higaduraren eraginez modelaturiko forma batzuk ikusiko ditugu, eta, horrekin batera, baita kare-toben adibide bikain batzuk ere, ur karbonatatu horretatik bertatik sortuak; urak zeinen formazio ederrak sortzen dituen ikusiko dugu.
Prestatutako bidetik eginen dugun joan-etorriak 5 kilometro ditu gutxi gorabehera, eta 50 bat metroko desnibela.