Joan eduki nagusira

Jeovanny Encalada Sánchezek (Abokatutzarako Sarbideko Unibertsitate Masterra), Sara Casanellas Lozanok (Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua) eta Susana Hadzhieva Hadzhievak (Zuzenbideko Gradua) irabazi dute, “ex aequo”, 2023ko Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Zehazki, 2.000 euro eman dizkiete (kasu honetan, irabazleen artean banatzeko), eta egiaztagiri bat. Batetik, gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta, bestetik, garapenerako lankidetzari buruzko hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten NUPeko gradu eta master amaierako lan hoberenak aintzatesten ditu sariak.

zoom Jeovanny Encalada Sánchez.

Jeovanny Encalada Sánchez.

Jeovanny Encalada Sánchezen master amaierako lanak, Alejandro Torres Gutiérrez Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna zuzendari izan duenak, “Derechos humanos y estatuto jurídico de la mujer en Afganistán” du izenburu (Giza eskubideak eta emakumearen estatutu juridikoa Afganistanen). Lan horretan, historian zehar Afganistanen urratu diren giza eskubideen azterketa egiten saiatu da, “batez ere 2021eko abuztuan talibanen erregimena berpiztu ondoren, horrek emakumeen eta nesken aurkako indarkeria nabarmen handitzea ekarri baitu”.

Ikerketa horretatik ateratako ondorioek “agerian uzten dute herrialde horretan nabarmen eta etengabe urratzen eta arriskuan jartzen dituztela oraindik ere Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotzen dituen ia eskubide guztiak”. Egileak azaldu duenez, “lan horren bidez Afganistango emakumeari eta haren eskubideei ahotsa ematen saiatu dira, emakume anonimoak baitira historia honetako benetako heroiak; izan ere, beraiek jasan dituzte Afganistanen emakume izateak dakartzan zailtasunak, eta beraiek erakutsi digute, beren ausardiari eta kemenari esker, beldurraren erdian itxaropena ere badela”.

Suizidioaren prebentzioa

Bestalde, Sara Casanellas Lozanok “Ideia suiziden prebentziorako erresilientzia protokoloa” gradu amaierako lanagatik jaso du saria, eta Fernando Trébol Unzué Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakaslea izan da lanaren zuzendaria. Protokolo horren helburu nagusia da ikasleekin erresilientzia lantzea eta ideia suizida prebenitzea. Bertan, familian eta ikasgeletan lan egiteko jarraibide eta jarduera batzuk eskaintzen ditu, eta proposatzen du nola landu gatazken konponbidea, adimen emozionala, pentsamendu irrazionalen tratamendua eta jokabide orekatzaileak ikasleen erresilientzia sustatzeko. Era berean, egileak babes-faktoreak azaltzen ditu, eta jarraibideak proposatzen ditu horrelako jokabideak edo ideiak izan ditzaketen ikasleen detekzio goiztiarrerako.

zoom Sara Casanellas Lozano.

Sara Casanellas Lozano.

Casanellasek azaldu duenez, gaur egun ugaritu egin dira 15 urtetik beherakoen jokabide suiziden kasuak, eta, ondorioz, trebetasun sozioemozionalak garatuz haiek prebenitzeko eta erresilientzia lantzeko premia ikusi da. “Hori ere transmititu nahi izan dut lan honen bidez. Ezinbestekoa eta agerikoa da prebentzio beharra.

Garrantzitsua da ulertzea suizidioa burutzera iristeko lehen urratsa ideia suizida dela, eta bizitzako lehen etapak direla garrantzitsuenak egoera gogorrei aurre egiteko eta haietara egokitzeko gaitasuna lantzeko”.

Azkenik, zera argitu du: “Nafarroan badago suizidioa prebenitzeko protokolo bat, baina jokabide suizidaren bat detektatu denean baizik ez da martxan jartzen. Horregatik, uste dut garrantzitsua dela urrats batzuk egitea atzera eta beste hezkuntza eredu bat sortzea, prebentzioa eta heziketa bizitzako lehen urteetatik hasteko, ez daitezen iritsi ere egin ideia suizidaren urratsera”.

Gatazka armatua eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa

Susana Hadzhieva Hadzhievaren gradu amaierako lanak “Aspectos jurídicos del combatiente en el derecho internacional humanitario” du izena (Borrokalariaren alderdi juridikoak nazioarteko zuzenbide humanitarioan), eta Patricia Plaza Ventura Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanetako irakasleak gidatu du.

zoom Susana Hadzhieva Hadzhieva.

Susana Hadzhieva Hadzhieva.

Lanean, estatuaren barneko edo nazioarteko gatazka armatu baten aurrean militarrek dituzten eskubideak eta murrizketak deskribatzen dira, bai eta operazio militarrak gidatzeko orduan dauden mugak ere, “oreka bilatuz beharrizan militarraren eta inplikatutako biztanleriaren destinoari buruzko kezkaren artean, eta bereizketa eginez eraso bidezko eta ez-bidezkoen artean”. Horretarako, egileak “bidezkotzat jotako eraso militar horrek eragin litzakeen inpaktuak minimizatzeko erabiltzen diren tresnak aztertu ditu, erasoak nahitaez objektu militarren aurka joan daitezen”.
Testuinguru horretan, gogorarazi du “militarrei ondasun zibilak babesteko zenbait neurri ezartzen dizkietela; izan ere, bestela, haien ekintzek garrantzi handiko ondorioak ekarriko lituzkete, eta funtsezkoa da nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzen dela ziurtatzea”.

Saria eta epaimahaia

Epaimahaikideek nabarmendu dute lan saridunetan “landutako gaiak gaurkotasun eta garrantzi handikoak direla, eta lotura dutela giza eskubideen babesgabetasunarekin”. Halaber, epaimahaiak kontuan hartu ditu metodologiaren zorroztasuna, analisiaren argitasuna, egitura eta bibliografia espezifikoa erabili izana.

Honako hauek osatu dute epaimahaia: Antonio Gorri Goñi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko katedradun eta Jaime Brunet Fundazioaren Patronatuko kidea; Rafael Lara González, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Merkataritzako Zuzenbideko katedradun eta Jaime Brunet Fundazioaren Patronatuko kidea; eta Javier Blázquez Ruiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Filosofiako katedradun eta Jaime Brunet Fundazioko idazkaria.

Jaime Brunet Unibertsitateko Saria Jaime Brunet Fundazioak ematen du 2014az geroztik. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik, giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta nabarmendu eta aupatzeko, eta, 2016az geroztik, Jaime Brunet Doktoretza Tesien Saria ere bai, giza eskubideekin eta haien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatesteko.