Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko 32 titulazioetako (25 gradu eta 7 gradu bikoitz) ia 8.000 ikasle hurrengo astean itzuliko dira geletara Iruñeko eta Tuterako campusetan. Ikasle guztiek irailaren 2an (ostirala) hasiko dituzte 2022-2023 ikasturteko eskolak, baina lehen ikasmailan matrikulatutako ikasleek hitzordua dute aurreko egunean, irailaren 1ean (osteguna), egun horretan izanen baita ohiko Ongietorri Jardunaldia. Jardunaldiaren programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

zoom Jornada Bienvenida

Zenbait ikasle iazko Ongietorri Jardunaldian, karpan.

Jardunaldi horretan, titulazioak banaka-banaka aurkeztuko dizkiete ikasle berriei, eta argibide baliagarriak emanen dizkiete etapa berrirako, hala nola NireIkasgelategiari eta Mentoretza Programari buruzkoak. Bestalde, joan den ikasturtean egin zen bezala, zenbait informaziogune jarri dituzte Liburutegiaren eta Ikasgelategiaren arteko zelaigunean dagoen karpan, ikasleek aukera izan dezaten Unibertsitateak eta ikasleen elkarteek eskaintzen dituzten zerbitzu eta jardueretako batzuk ezagutzeko. Hantxe, NUPen elastiko bat jasotzen ahalko dute opari gisa.  

Halaber, karpako agertokian “Abuso” mikroantzezlanaren bi emanaldi eginen dira, NUPeko Antzerki Taldearen eskutik, bai eta zumbako, guztizko entrenamenduko eta HIITeko erakustaldiak ere, Unibertsitatearen kirol eskaintzako jarduerak denak. Bestalde, lehen mailako ikasleek bisita gidatuak egiten ahalko dituzte Liburutegira. Hurrengo egunean, irailak 2 (ostirala), ikasle guztientzako eskolak hasiko dira, eta karpak irekita jarraituko du.  

Zerbitzuen ataria eta NireIkasgelategia

Zerbitzuen atariaren bidez, Unibertsitatean matrikulatutako ikasleek sarbidea daukate, esaterako, web postara, ikasketa-espedientera, liburutegiko zerbitzu jakin batzuetara edo jarduera eta ekitaldien agendara, bai eta NireIkasgelategira ere. Azken hori irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da, ikasleek beharrezkoa dutena Unibertsitatean dauden bitartean. Plataformak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei, hala nola beren matrikulako irakasgai guztietan sartzeko aukera.