Joan eduki nagusira

Nafarroan Lanbide Heziketako 1.107 ikaslerekin sakelako telefonoaren erabilerari buruz egindako ikerketa batek agerian jarri du haietako % 30ek arriskuko jokabideak eta aldizkako arazoak dituztela hura erabiltzean, eta genero desberdintasunak daudela identifikatu du, baita erabilera problematikoagoa dela ere emakumeen kasuan. Lan hori UHUNen “Educación XX1” aldizkariaren azken zenbakian argitaratu da, eta honako hauek izan ditu egile: Marta Beranuy, Txon Vega eta Begoña Haro psikologo eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko ikertzaileak; Fran Calvo, Gironako Unibertsitatekoa, eta Xabier Carbonell, Ramon Llull Unibertsitatekoa (Bartzelona).

zoom Marta Beranuy Fargues (eskuinean) eta Txon Vega Osés irakasleak, NUPeko campusean.

Marta Beranuy Fargues (eskuinean) eta Txon Vega Osés irakasleak, NUPeko campusean.

“Sakelakoaren erabilera problematikoa eta genero desberdintasunak Lanbide Heziketan” izeneko azterlanak honako hauek ditu ikergai: Lanbide Heziketako (LH) ikasleek nola erabiltzen duten sakelako telefonoa, nolako desberdintasunak dauden generoaren arabera eta horrek nolako zerikusia duen Interneteko jokoekin eta ausazko online jokoekin lotutako nahasmenduarekin. “Espainian eta beste herrialde batzuetan egindako ikerketa gehienek unibertsitateko, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei erreparatu diete, baina Lanbide Heziketako ikerketak bakanak eta eskasak dira”, azaldu du Marta Beranuy Fargues irakasleak, Txon Vega Osesekin batera ikertzaile nagusia denak.

Kasu honetan, Nafarroako Lanbide Heziketako 17 ikastetxetako 1.107 ikaslek osatu dute lagina (% 55,1 gizonezkoak), eta batez besteko adina 18,8 urtekoa izan da.

Lortutako emaitzen artean, laginaren % 7,9k sakelakoaren erabilera problematikoa egin zuen, eta % 28,6k arazoak izan zituen noiz edo noiz; hori dela eta, ikerketako lantaldeak iradoki du teknologien erabilera egokia sustatu behar dela LHko ikasleen artean, eta “arreta berezia jarri behar dela aurkitutako genero desberdintasunetan”.

Parte-hartzaileen % 92,5ek mezularitza-zerbitzuetarako erabili zuen sakelakoa, % 87k sare sozialetarako eta % 78,5ek musika entzuteko. Genero desberdintasunak hauteman ziren sakelakoaren erabilera gehienetan. Emakumeek gehiago erabili zituzten gai hauekin lotutako zerbitzuak: deiak, mezularitza, sare sozialak, musika, jarduera akademikoak, dokumentuen edizioa, aisialdia, mapak eta nabigazioa, osasuna eta egutegia; gizonek, berriz, gehiago erabili zuten telefonoa informazioa bilatzeko, bideojokoetarako, ausazko online jokoetarako, kirol apustuak egiteko eta pornografia ikusteko.

Bestalde, parte-hartzaileen % 87,1ek erabili zuten sakelakoa LHko ikastetxean, eta handiagoa izan zen erabilera emakumeen artean. Horiek sakelakoaren erabilera problematikoagoa izan zuten, baita erabilera emozional eta komunikazionalarekin lotutako arazo handiagoak ere. Txon Vega irakasleak azaldu duenez, “sakelakoaren erabilera problematikoaz ari gara pertsonek nahi baino denbora gehiago ematen dutenean hura erabiltzen; gelditu nahi izan arren gelditzen ez direnean, eta erabileran nolabait kontrola galdu dutela sentitzen dutenean. Eta, gainera, horrek guztiak ondorio kaltegarriak ditu beren bizitzan, ez baitiete jaramonik egiten jarduera akademikoei, familiari, aisialdi ez-birtualari, etab.”.

Sakelakoarekin “ohiko arazoak” izateko probabilitate handiagoarekin lotutako aldagaiak hauek izan ziren: ikasgelan telefonoa erabiltzea, bideojokoetan aritzeko erabiltzea, emakumea izatea eta sakelakoa filmak ikusteko erabiltzea. Aldagai horiek zuzen sailkatu zituzten maiz arazoak izaten dituzten inkestatuen % 92,2.

Bideojokoak, ausazko online jokoak eta sare sozialak

Azterlanaren helburu espezifikoak lau izan ziren: ikasle horien artean sakelako telefonoaren ohiko erabilera deskribatzea, sakelako telefonoaren erabileraren genero desberdintasunak aztertzea, ohiko sailkapenaren arabera sakelako telefonoaren erabilera problematikoa aztertzea (problematikoa ez den erabilera, noizbehinka arazoak dakartzan erabilera eta maiz arazoak dakartzan erabilera) eta hura jokoaren (bideojokoen) eta Interneteko ausazko jokoen ondoriozko nahasmenduarekin lotzea.

Ohiko erabilerari dagokionez, gutxi gorabehera % 80k komunikaziorako (mezularitzarako eta sare sozialetarako) eta entretenimendurako (musika entzuteko) erabiltzen du sakelakoa. Ia % 90ek erabiltzen du telefonoa ikastetxean, eta bitik batek eskolek iraun bitartean.

Bigarren helburuari dagokionez, mutilek gehiago erabili zituzten bideojokoak, kirol apustuak eta pornografia, eta hor islatu dira genero desberdintasun nagusiak. Hori “bat dator Espainiako hainbat azterlanetan gazteek eta nerabeek erakutsitako erabilera komunarekin”. Bestalde, LHko emakumezko ikasleek gehiago erabili zuten sakelakoa jarduera akademikoak egiteko, dokumentuak editatzeko eta egutegia kudeatzeko. Era berean, sakelakoaren erabilera problematikoa handiagoa izan zen nesken artean, eta arazo handiagoak izan zituzten erabilera emozional eta komunikazionalaren ondorioz.

Hirugarren helburuari dagokionez, LHko ikasleek honako hauetan agertu zuten bereziki sakelakoaren erabilera problematikoa: sare sozialak, bideojokoak, ausazko jokoak, kirol apustuak eta filmak eta/edo telesailak ikustea.

“Aztertutako faktore guztietatik ─aipatzen da ikerlanean─, honako hauek izan daitezke sakelako telefonoaren erabilera problematikorako arrisku faktoreak: emakumea izatea, sakelako telefonoa eskolek iraun bitartean erabiltzea, bideojokoetan aritzeko erabiltzea eta filmak eta/edo telesailak ikustea”.

Testuinguru horretan, sakelakoarekin maiz izaten diren arazoen prebalentzia nahiko txikia bada ere, azterlanak aditzera ematen du “arazo horiek garatzeko arriskuan dauden ikasleen ehunekoak ezin duela hezkuntza-komunitatea ez hotz ez bero utzi. Gutxi gorabehera LHko ikasleen % 30ek arriskuko jokabidea du sakelakoaren erabilerari dagokionez”.

Lagina eta mugak

Azken lagina Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako 17 ikastetxetako (14 publiko eta 3 itundu) 1.107 ikaslek osatu zuten. Horietatik 609 mutilak ziren (% 55,1) eta 498 neskak (% 44,9), eta batez besteko adina 18,83 urtekoa izan zen.

Parte-hartzaileek aldagai soziodemografikoei buruzko informazioa eman zuten, hala nola sexuari, adinari, ikasturteari eta ikastetxeari buruzkoa. Sakelako telefonoaren erabilerari buruzko informazioa ere eman zuten: deiak, mezularitza-zerbitzua, sare sozialak, informazioa, erosketak, bideojokoak, kirol apustuak, ausazko beste joko batzuk, bideoak, musika, bankuak, pornografia, jarduera akademikoak, dokumentuen edizioa, aisialdia, mapak eta nabigazioa, osasuna eta egutegia.

Ikertzaile taldeak aurkitu dituen mugei dagokienez, “zuhurtziaz jokatu behar da azterlan honetan identifikatutako prebalentzia-tasak estrapolatzean eta horiek arazoarekiko lehen hurbilketatzat hartzean, kontuan hartuta ikerketa honen laginaren tamaina eta nolakotasuna”. Alde horretatik, aditzera eman dute bideojokoek eta ausazko jokoek sakelakoaren erabileran duten lotura aztertzeko erabili den laginaren tamaina “txikia izan dela, erabilera hori ez baitago oso hedatua ikergai izan den populazioan”. Horregatik, erantsi dutenez, “kontuz ibili beharra dago LHko beste lagin batzuei buruzko emaitzak orokortzerakoan”, eta “beharrezkoa da beste azterlan batzuk egitea ikerketa honetan lortutako emaitzak berresteko”.