Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko (Australia), Kalkutako Unibertsitateko (India) eta Tsukubako Unibertsitateko (Japonia) zenbait ikertzailek neguan eraikinetako tenperatura handiagotzeko eta udan txikiagotzeko aukera ematen duten eraikuntzako material berritzaile batzuk garatu dituzte. Laura Carlosena Remírez NUPeko irakasleak azaldu duenez, “beren propietateak galdu gabe portaera dual hori ahalbidetzen duten materialak fabrikatzen ari gara gaur egun; hainbat herritan eta klimatan probatzen ari gara, eta laster emaitzak izatea espero dugu”.

zoom Ezkerretik eskuinera, Ángel Andueza, Laura Carlosena eta Joaquín Sevilla

Ezkerretik eskuinera, Ángel Andueza, Laura Carlosena eta Joaquín Sevilla, NUPeko campusean

Laura Carlosena arkitekto eta NUPeko Ingeniaritza Saileko irakaslearekin batera, unibertsitate bereko beste bi kide aritu dira laguntzaile eskala fotonikoko simulazioaren fasean: Joaquín Sevilla Moroder Teknologia Elektronikoko katedraduna eta Ángel Andueza Unanua arlo bereko kontratupeko irakasle doktorea. Material horiek garatu dituen taldean, gainera, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko (Australia), Jadavpurreko Unibertsitateko (Kalkuta, India) eta Tsukubako Unibertsitateko (Japonia) zenbait ikertzailek hartu dute parte.

Hozte erradiatiboko materialen garapenean dago kokatua ikerketa hori (erradiazio elektromagnetikoarekin lotua). “Antzinatetik ezaguna den hozte-sistema bat da (Pertsian, izotza egiteko erabiltzen zuten) —azaldu du Laura Carlosenak—. Gauez modu naturalean gertatzen den fenomeno bat da, hots, eguzkiaren erradiaziorik ez dagoenez objektuek beren beroa espaziorantz igortzen dutenean. Egunez zailagoa izaten da hori, materialek eguzkiaren beroa absorbitu, eta horrek hozteko duten gaitasuna ahultzen duelako. Hori dela eta, hozte erradiatiboko materialek eguzkiaren erradiazioa absorbitu ez dezaten lortu nahi da, eta ahalik eta bero handiena igor dezaten atmosferatik kanpora, espaziora, baita egunez ere. Hain zuzen ere, horregatik dira soluzio ezin hobea, beroa ez delako zuzenean atmosferara kanporatzen eta ez duelako hura berotzen; aitzitik, espaziora irradiatzen da”.

Neguan bero, udan hotz

Beroari aurre egiteko, hozte-ekipoak ugaritu dira, zeinek, funtsean, etxebizitzen barneko beroa kanporatzen baitute, eta horrek kaleko tenperatura areagotzen du. Azken urteotan, zenbait faktorek material berritzaileak garatzera eraman dituzte ikertzaileak, hala nola energia fosilen eta beste iturri ez-berriztagarri batzuen kontsumoa areagotzeak, munduko biztanleria handiagotzeak, eraikinen barnealdean konfort termiko handiagoa eskatzeak eta bero-boladak eta muturreko gertaera meteorologikoak gero eta ohikoagoak izateak.

Laura Carlosenaren lankidetza 2018an eta 2020an Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatean egin zituen doktoretzako egonaldien ondorioz sortu zen, eraikuntzako material adimendunen arloko zenbait aditurekin lan egin baitzuen han. Lehenbiziko ikerlan batean, hozte erradiatiboko material soil batzuk garatu zituzten, eguzkitan egonik ere hozten zirenak. “Material horiek —azaldu du— Sarrigurenen probatu genituen, eta erantzun ona eman zuten. Gainera, eraikuntzan ohikoak diren materialen gainean aplikatzen ahal ziren, aluminioaren gainean kasu”.

Gero, kontuan harturik material horiek tenperatura jaitsarazten dutela beti, bigarren ikerlan bat egin zuten ebaluatzeko zer-nolako galera eragiten zuen horiek neguan hirian erabiltzeak. “Alderdi hori oso garrantzitsua da, batik bat klima epeletan, neguan berokuntza-sistema eta udan hozte-sistema behar dituztelako”.

Azkenik, beren azken ikerlanean, aztergai izan dute zer ezaugarri izan behar dituzten material horiek bai hozteko eta bai berotzeko gai izan daitezen, eta ondorioztatu dute ezen, “hain zuzen ere, gai ginela horiek neguan tenperatua handitzeko eta udan tenperatura hozteko moduan aplikatzeko”. Lanaren fase horretan, kontuan izanik emaitzak hiri-mailan aztertu nahi dituztela zer inplikazio izaten ahal dituzten ikusteko, Indiako eta Japoniako aipatu unibertsitateetako zenbait adituk ere hartu dute parte.