Joan eduki nagusira

Teresa Hualde Manso Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Zibileko katedraduna izan da “Abuso de dependencia y abuso de influencia. Tres visiones jurídicas de la vulnerabilidad de los mayores” liburuaren zuzendaria, eta Leticia Jericó Ojer NUPeko Zuzenbide Penaleko irakaslea eta María Cruz Díaz de Terán Velasco Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea (UNAV), berriz, idazleak. Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du liburua, eta Iruñeko Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatutako ikerketa baten emaitza da.

Hiru partetan dago banatua obra, eta ikuspegi juridikotik adinekoak zertan diren kalteberak jorratzen du, eta, batik bat, nolako indarkeria ekonomikoa sufritzen duten beren ahultasun egoeraren ondorioz. Lehenik, liburuan aditzera ematen da ordenamendu juridikoak biztanleriaren zahartze progresibora egokitzeko premia dagoela Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendaren ildoari jarraikiz. Bigarren partean, adinekoen ingurukoek eta konfiantzako jendeak ekonomikoki esplotatzen ahal dituztela azaltzen da, eta nola erantzuten dioten egoera horri ordenamendu zibilek, eta, hirugarrenik, hurbileko norbaitek ondarearen inguruko abusuren bat egin ondoren martxan jarritako prozesu penal baten aurrean adinekoak zergatik diren zaurgarriak.

zoom TEXTO ALT

Liburuaren zuzendaria eta idazleak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: María Cruz Díaz de Terán Velasco, Teresa Hualde Manso eta Leticia Jericó Ojer.

Kalteberatasuna eta esplotazio ekonomikoa

Lehenbiziko partean, idazleek diote heldu diren hamarkadetan biztanleriaren zahartzearekin lotutako zenbait auziri heldu beharko dietela herrialdeek, hala nola osasun-laguntzaren, pentsioen eta babes sozialeko neurrien beharrari. Testuinguru horretan, 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuen xedea da adinekoak (eta adin jakin batzuetan, emakumeak batez ere) ez daitezela atzean gelditu beren beharrei erantzunen dieten politikak formulatu eta aplikatzeari dagokienez, eta, bestetik, diskriminazioaren, abusuaren edo indarkeria ekonomikoaren biktima bihurtzen dituen jardunbide oro desagerraraztea.

Liburuaren bigarren partean, berriz, esplikatzen da ezen ikuspegi juridikotik gai garrantzitsuenetako bat inguruko jendearen partetik nagusiek sufritzen ahal duten esplotazio ekonomikoa dela; izan ere, zaharrek beren kabuz eginen ez lituzketen egintza juridiko jakin batzuk egitera bultzatzen ahal dituzte ingurukoek (dohaintzak edo testamentuak, besteak beste). Liburuan zehazten denez, zuzenbide anglosaxoiaren eraginez, baliabide juridiko espezifiko berriak ari gara gure ordenamenduetan sartzen adinekoak halako arriskuetatik babesteko. Zehazki, Espainian, “berriki erreformatu diren Nafarroako eta Kataluniako Eskubide Zibiletan txertatu da halako egintzak baliogabetzeko aukera”, liburuan adierazten denez. Figura juridiko berri hori aztertzen da liburuan, “eragin-abusua” izenekoa, eta haren ezaugarriei eta errekerimendu prozesal edo frogatzeko errekerimenduei erreparatzen die. 

Azkenik, prozesu penalei dagokienez, azpimarratzen da adinekoen inguruko jendea izaten dela ekonomikoki esplotatzen dituena, lotura familiarra, afektiboa edo laguntza beharra izaten dutela haiekin, eta zailtasun espezifikoak ekartzen ahal dituela horrek. Esate baterako, baliteke biktimak abusua egin diona zuritzea, sinetsiko ez diotela uste izatea edo beldurra izatea. 

Horregatik, liburuaren idazleek nabarmendu dute “oso garrantzitsua dela poliziaren atestatua idaztean ikertzea biktimak argi ulertzen ote duen zer ari den gertatzen, adinekoari sentiaraztea kasu egiten diotela, eta ez ematea errudun sentiaraziko duen balio-iritzirik”. Gaineratu dutenez, “hizkera ulergarrian eman behar zaie informazioa, eta adinekoen egoera emozionalarentzat egokia den moduan”. Azkenik, liburuaren hirugarren partean diotenez, biktimaren adina kontuan hartu eta prozesuak arindu behar dira, eta haren lekukotasuna baino harago doazen frogak bilatzeko ahalegina egin, adinekoen hitzak baldintzatuak egon baitaitezke gorago deskribatutako loturen ondorioz.