Joan eduki nagusira

Saioa Viedma Lanak (Erizaintzako Gradua) eta Jesús Zapatería Mirandak (Nekazaritzako Ingeniaritzako Masterra) irabazi dute Ekintzailetzako Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanentzako Rural Kutxa Sarien bosgarren edizioa, zeinaren azken fasea astelehenean egin baitzen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Gainera, aurten ere COVID-19aren kontrako borrokan aterabideak ekarriko dituzten ekimenetarako sari berezi bat eman da, Lorena Castaño de Egüési hain zuzen ere (Ingeniaritza Biomedikoko Masterra egin du NUPen). Irabazleetako bakoitzak 1.000 euroko saria jaso zuen.

zoom Emprendimiento1

Ekintzailetzako proiektua duten Ikasketen Amaierako Lanetarako Rural Kutxa sarien V. edizioko epaimahaikideak eta sarituak.

Sariak banatzeko ekitaldia Arrosadiko campusean izan zen. Aldez aurretik, hautatutako ikasleek beren proiektua aurkeztu behar izan zuten epaimahaiaren aurrean, gehienez ere sei minutuan, eta, jarraian, epaimahaikideek bost minutuko tartea izan zuten izangaiei galderak egiteko. Lanak azaltzeko txanda amaituta, epaimahaiak bilera egin zuen sariak nori eman eztabaidatu eta behin betiko erabakia hartzeko.

Julen Simón Iriarte (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua) eta Jesús Arellano Usón (Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra) izan ziren bigarren sailkatuak, eta 500 euroko sari bana jaso zuten.

Sariak Unibertsitateak antolatzen ditu, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren bitartez, Nafarroako Rural Kutxaren laguntzarekin. Hala, “berrikuntzaren eta sormenaren esparruan eta berrikuntza oinarri duten ideia ekintzaileen sorreran bereziki garrantzitsuak izan diren gradu amaierako eta master amaierako lanen emaitzak saritu nahi ditu” Unibertsitateak, oinarrietan aipatzen denaren arabera.

zoom Emprendimiento2

Saioa Viedma, graduko irabazlea.

Balorazioa egiteko, sarien epaimahaiak honako alderdi hauek hartu zituen kontuan: proposamenaren berrikuntza-maila, lehiarako abantaila, merkatuaren eta bezeroen ikuspegia, proiektuaren heldutasun maila eta lanaren diziplina anitzeko izaera. Aurtengo edizioan, honako hauek aritu ziren epaile: Lucía Nieto (LUCE-CEIN), Iosune Pascual (Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren kudeatzailea), Ricardo Goñi (Rural Kutxa), Cristina Bayona (Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea), Javier Vidorreta (Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren burua) eta Gonzalo Soto (Rural Kutxaren ordezkari gisara).

Saritutako lanak

Saioa Viedmaren lanak arnasgailuaren tutueriei eusteko sistema unibertsal baten diseinua landu zuen, eta Leticia San Martín Erizaintzako irakaslea izan zuen gidari. Aireztapen mekanikoan, tutueriek pazientea makinarekin lotzen dute. Saioa Viedmaren lanaren helburua euste-sistemaren diseinua berritzea eta erabiltzaile potentzialen beharrei erantzunen dien irtenbide bat sortzea izan zen.

Master kategoriako irabazleak, Jesús Zapateríak, txerriak gizentzeko nabeak garbitzeko makina autonomo baten diseinua eta analisi ekonomikoa aurkeztu zituen, Miguel Ángel Campo Nekazaritza eta Baso Ingeniaritzako irakaslearen zuzendaritzapean egindakoak. Jesus Zapateríak, bere lanean, txerriak gizentzeko nabeak garbitzeko makina autonomoaren prototipo bat diseinatu du. Nabeak garbitzeko eta desinfektatzeko egungo prozesuari alternatibak eskaintzea du helburu, prozesu hori eskuz egiten baitu abeltzainak edo enpresa espezializatu batek.

zoom Emprendimiento3

Jesús Zapatería, masterreko irabazlea.

Lorena Castañok irabazi zuen COVID-19aren modalitatea usaimen-disfuntzioa duten pazienteentzako gailu eramangarri baten diseinuari eta inplementazioari buruzko lan batekin, Aitor Urrutia eta Abián Socorro Teknologia Elektronikoko irakasleek gidatuta egindakoarekin. Bere lana usaimenaren galerarekin dago lotua (anosmia), zeina COVID-19aren ondorioetako bat baita. Usaimenaren dibertsitate funtzionala duten pertsonen ongizate fisiko, mental eta sozialari laguntzeko, Lorenaren proposamena gailu eramangarri bat garatzea da (eskumuturrekoa) erabiltzaileari osasunerako kaltegarriak diren gasetatik babesten laguntzeko.

zoom Emprendimiento4

Lorena Castaño, COVID-19aren kategoriako irabazlea.

Bigarren sailkatuei dagokienez, Julen Simón Iriartek “speedcubing” txapelketen emaitzen kudeaketa automatizatzeko gailu bati lotutako negozio-eredu bat aurkeztu zuen, Santiago Tainta Ausejo Ingeniaritza Elektronikoko irakaslearen zuzendaritzapean sortua. “Speedcubing” txapelketetan, Rubik kuboak eta horien aldaerak ahalik eta denbora laburrenean ebaztea da helburua. Bere lanean, Julen Simónek gailu bat sortu zuen gaur egun eskuz betetzen diren emaitza-orriak prozesua automatizatzen eta bizkortzen duten NFC txartelekin ordezkatzeko.

Azkenik, Jesús Arellanoren master amaierako lanak urruneko konputazioko inguruneetan interaktibitatea aztertzeko teknikak landu zituen, eta Eduardo Magaña Ingeniaritza Telematikoko irakasleak gidatu du. Lanean, ikaskuntza automatikoko eredu bat proposatzen du hodeiko aplikazioetatik ateratako datuak aztertu, erabiltzaileek interaktibitate-arazoak noiz izaten dituzten detektatu eta horri erantzun ahal izateko.