Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) “Emakumeen kontrako indarkeria: lekukoen dilema” izeneko ikerketa-proiektuak “la Caixa” Fundazioaren Ikerketa Sozialeko Deialdiko hamabost dirulaguntzetako bat irabazi du. Entitate horrek 100.000na euro emanen dizkie bikainak, berritzaileak eta orientabide sozialekoak izateagatik nabarmentzen diren zenbait proiekturi. NUPen proiektuaren helburua emakumeen kontrako indarkeriaren salaketa eta biktimentzako laguntza sustatzeko politikek nolako inpaktua duten ebaluatzea da.


Ezkerretik eskuinera: Sara Martínez de Morentin, Ariadna García-Prado eta Rebeca Echavarri eta, NUPeko ikertzaileak.
Ikerketa-taldea honako hauek osatzen dute: Ariadna García-Prado (ikertzaile nagusia), Rebeca Echavarri Aguinaga eta Sara Martínez de Morentin Osés NUPeko Ekonomia Saileko irakasleek —INARBE ikerketa-institutuari atxikiak denak— eta Fernanda Gutiérrez Navratil Oviedoko Unibertsitateko Ekonomia Saileko irakasleak. 2022ko urtarrilean ekinen diote proiektuari, eta bi urtez arituko dira horretan.
Azken batean, ikertzaileek jakin nahi dute emakumeen kontrako indarkeria kasu gehiago jakinaraziko eta salatuko ote liratekeen baldin eta erasotzailea nor den esan gabe eta salaketa jarri gabe jakinaraziko balira. Aukera hori “soft reporting” deitzen da, eta Espainian 9/2018 Errege Dekretuaren bidez dago onetsia.
Ariadna García-Prado ikertzaile nagusiak dioenez, “David Card, Joshua Angrist eta Guido Imbens ekonomistei Ekonomiako Nobel saria eman zieten kausalitate erlazioen identifikazioari iraultza ekartzeagatik, eta, ildo horretatik dator gure proposamena: emakumeen kontrako indarkeria murrizteko neurri batzuk ebaluatu nahi ditugu inkesta batean integratutako esperimentu sustatu bat eginez, kausalitatea identifikatzeko modua eman diezagun”.
Ikertzaileek diote inkestetan oinarritutako ikerketen ezaugarriak ere badituela diseinuan, eta horrek kanpoko baliozkotasun handiagoa ematen diola biztanleria orokorraren lagin adierazgarri bat izanen duelako aztergai.
Gaineratu dute Nafarroan eginen dela inkesta, hemen asko aurreratu baita emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako borrokan —Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduko die tarteka—, baina bestelako arau sozialak dituzten beste leku batzuk ere sartzen direla ikerketan.
600 proiektutik gora aurkeztu dira
“la Caixa” Fundazioaren deialdi hau nazionalitate orotako ikertzaileentzat da, baldin eta irabazi asmorik gabeko erakunde batean egiten badute ikerketa, hots, egoitza Espainian edo Portugalen duten unibertsitate eta ikerketa-zentro publiko zein pribatuetan. Osotara, 600 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren deialdira, eta 528 pasatu ziren lehiaketara. Lehiaketako fase guztiak gainditu ondoren, hamabost hautatu dira dirulaguntzen onuradun izateko.
Deialdian adierazia dago proposamenek “ezagupen berriak sortu behar dituztela gaur egungo desafio sozial garrantzitsuenak ulertzen laguntzearren metodologia kuantitatiboen bidez”. Zehazki, honelako proiektuak bilatzen dira: “ikerketa sozialeko proiektuak, bikainak izateagatik nabarmenak eta datu kuantitatiboetan oinarrituak, eta informazio fidagarria ematen dutenak ikuspegi original eta berritzaile baten bidez gaur egungo desafio sozial garrantzitsuenak ulertzeko”.
Deialdian hautatutako proiektuak honako unibertsitate hauetakoak dira: Universitat de València, Universitat Autònoma de Barcelona (2 proiektu), Universitat Pompeu Fabra, Universitat Ramon Llull (2 proiektu), Institut de Salut Global de Barcelona, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia, Universitat de Barcelona - Fundació Bosch i Gimpera, Fundació Markets, Organizations And Votes in Economics (Move), Granadako Unibertsitatea, Fundació Sant Joan de Déu, eta Universidade do Porto.