Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) epea ireki du eguneko sarrerak eta 10, 20 eta 30 sarrerako bonuak eskuratzeko, zeinek eskubidea emanen baitute ikasturte osoan zehar unibertsitateko kirol instalazioetara sartzeko eta astero eginen diren 101 saiotan banatutako 33 jarduerak egiteko, irailaren 13tik aurrera. Heldu den ikasturterako nobedade gisara, aukera izanen da entrenatzaile pertsonal bat izateko eta entrenamendu pertsonalizatuko plan bat prestatzeko.

zoom Gimnasioko jarduera bat

NUPeko gimnasioko jarduera bat

COVID-19aren aurrean erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, neurri jakin batzuk hartuko dira: toki kopurua mugatu, gainazalak desinfektatu, eskuak garbitzearen garrantzia gogorarazi edo instalazioetan maskara erabiltzera derrigortu beharrezkoa denean.

Unibertsitatearen Kiroletako Atalaren web orrialdean dago ikusgai informazio guztia: kirolak (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), kiroletan izena emateko sistema, eta sarreren eta bonuen prezioak, Unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat.

Prezioak, erreserbak eta entrenamendu pertsonalizatua

Nornahik erosten ahal ditu sarrerak Unibertsitatean kirola egiteko. Eguneko sarrerak eta kirol bonuak 2022ko ekainaren 30era arte erabiltzen ahalko dira. Bonuen prezioa, ikasleen kasuan, 10,50 eta 30 euro bitartekoa da; Unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 13,50 eta 38 euro bitartekoa; ikasle ohiek 20 eta 57 euro bitarte ordaindu beharko dute, eta, Unibertsitatetik kanpokoek, berriz, 35 eta 95 euro bitarte. Eguneko sarrerei dagokienez, prezioa 2,75 eta 7,50 euro bitartekoa da, aurretik aipatutako erabiltzaile taldeen arabera.

Bonuak edukiz gero, kirol instalazioak erabiltzen ahal dira (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), aurretik webgunean erreserba eginda, baita pilotalekua, kanpoko tenis eta futbol pistak eta Nafarroako Unibertsitate Pabiloia doan erreserbatu ere, ordua eskatuta betiere. Ikasturtea hasi baino bost egun lehenago erreserbatzen ahalko dira goizenez, hau da, abuztuaren 27tik aurrera, ikasturtea irailaren 1ean hasiko baita.

Norberak egin behar du jarduera-klasearen erreserba, eta hura hasi baino 5 egun natural lehenagotik 5 minutu lehenagora arte du horretarako aukera. Erabiltzaile bakoitzak bi klase erreserbatzen ahalko ditu gehienez egun baterako.

Entrenamendu pertsonalizatua gimnasioan (muskulazio gelan eta ariketa kardiobaskularreko eremuan) eta kirol instalazioetan entrenatzean datza, baina gimnasioko teknikarien plangintzari jarraikiz eta haiek gainbegiratuta, jarduera modu osasungarrian, zorrotzean eta pertsona bakoitzarentzat egokia den programa baten arabera egin dadin. Entrenatzaile pertsonala Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako titulazioa duen norbait izanen da, eta erabiltzaile bakoitzari bere entrenamendu-saioak planifikatuko dizkio eta bere ariketa-saioetan lagunduko dio.