Joan eduki nagusira

Hogei bat herrialdetako 101 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eginen dute 2021-2022 ikasturteko udazkeneko seihilekoa, Unibertsitateak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko programa diferenteen bidez. Ikasle horietatik 9k ikasturte osoa emanen dute NUPen. 

zoom Buddy

Trukeko ikasleak “Buddy” programako ikasleekin batera, NUPen.

Ikasleak abuztu bukaeratik aurrera hasi dira Unibertsitatera iristen. Haietako batzuek parte hartu dute jada ongietorria egiteko jardunaldietako batean (hurrengoa datorren astean eginen da), eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea izan zen jardunaldiaren burua. Gainera, Unibertsitateko egonaldian egin ditzaketen ikasketen edukiari eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak eman zaizkie.

Gazte atzerritarrek Buddy Programan parte hartzen duten NUPeko hogeita hamar bat ikasleren laguntza izanen dute lehen seihilekoan. Harrera egiteko ekimen horretan, NUPeko ikasleek laguntza ematen diete atzerritar horiei, dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen, dela beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten. Horretaz gainera, ongietorri instituzionala egiteko beste zerbitzu bat espainierako doako ikastaro trinko bat da, astebetez egiten dena Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian. 

Ikasleak, herrialdeka

Nazioarteko 101 ikasleak (60 emakume eta 41 gizon) hogei bat herrialdetakoak dira. Zehazki, herrialde hauetakoak: Alemania (10), Austria (3), Belgika (1), Danimarka (4), Frantzia (18), Grezia (1), Hungaria (3), Italia (13), Herbehereak (5), Polonia (1), Portugal (2), Txekiar Errepublika (3) eta Turkia (7).

Amerikari dagokionez, Estatu Batuetako 7 ikasle, Txileko 4, Mexikoko 5, Peruko 3, Argentinako 1, Boliviako 1 eta Uruguaiko 4 etorri dira. Horietaz gainera, Indonesiako 3 pertsona eta Japoniako 2 arituko dira NUPen.

Programa motari dagokionez, Erasmus+ programako 73 ikasle daude (Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko), haren bidez baitatoz Unibertsitatera etortzen diren ikasle gehienak. Programa horri gehitu behar zaizkio Palafox(NUPen programa berekia Latinoamerikarekiko trukeetarako), ISEP eta aldebiko hitzarmenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak 50 herrialdetako goi mailako hezkuntzako 300 erakunderekin hitzarmenak sinatu dituelako daude martxan truke-programa hauek guztiak.