Joan eduki nagusira

Julio P. Lafuente López Aljebra katedraduna eta Gustavo Ochoa Lezáun irakasleak, biak ala biak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoak, “Teoría de la información: códigos y criptografía” eskuliburuaren egileak dira. Unibertsitateak argitaratu du liburua. “Liburuak informazioaren transmisioa aztertzen du, igorleak bidali nahi duenetik hartzaileak jaso eta erreproduzitzen saiatzen den artekoa. Prozesu hori Informazioaren teoria izenekoan oinarritzen da, eta garapen osoa zeharkatzen eta egituratzen duen kontzeptu batean: entropia edo ziurgabetasuna”, zehaztu dute autoreek.

zoom Julio P. Lafuente

Julio P. Lafuente

Hala, liburuak kodeak edo mezu bat nola transmititu behar den aztertzen du, bere helmugara osorik irits dadin, transmisioan akatsen bat gertatzen bada mezua zuzendu edo, gutxienez, detektatu ahal izateko. Monografia horrek kriptografia ere lantzen du, eta haren azterketa-eremua da hartzailea bakarrik izatea mezu bat ulertzeko gai, halako moldez non, kanpoko norbait iristen bada mezua izatera, ez dadin haren esanahia ulertzeko gai izan.

zoom Gustavo Ochoa

Gustavo Ochoa

Eskuliburu hau bere egileen irakaskuntza esperientziaren emaitza da, hutsune bat betetzen ahalegintzen da, gai horiei buruzko testu gutxi baitaude gaztelaniaz eta are gutxiago edozein titulazio zientifiko edo teknikoko ikasleei zuzendutakoak. Eskatzen diren ezagutzak oso oinarrizkoak dira: Probabilitatearen Teoriaren oinarrizko gaiak eta Kalkuluaren eta Aljebraren hasierako nozioak. Alearen salneurria 20 euro da paperean eta 12 euro formatu digitalean.

Egileen curriculum laburra

Julio P. Lafuente López (Zuera, Zaragoza, 1951), Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea 2007tik 2015era bitartean, Zaragozako Unibertsitatean Matematikan lizentziatu (1973) eta doktoratu (1977) zen, eta 1973tik 1989ra irakasle izan zen. Urte horretan Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen Aljebrako katedradun gisa, eta lan horretan aritzen da Estatistika, Matematika eta Informatika Sailean.

Gustavo Ochoa Lezaun (Lerin, Nafarroa, 1959) Zientzietan lizentziatu zen, Matematikako atalean, Sari Bereziarekin, Zaragozako Unibertsitatean (1981), eta Aljebrako Sailean doktoratu zen (1984), Warwickeko (Erresuma Batua) Unibertsitateko Matematikako Institutuan ikerketa-egonaldi bat egin eta gero. Zaragozako Unibertsitateko irakaslea izan zen 1989ra arte. Orduan Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen irakasle titular. Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoa eta Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutukoa da (INAMAT2).

Honako arlo hauetan egin dute ikerketa lana bi egileek: finituen taldeen teoria, kodeen teoria, erabakiak hartzearekin lotutako problemak eta adimen artifizialerako informazioaren errepresentazioa.