Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) Fernando Mendiola Gonzalo eta Juan Carlos García Funes ikertzaileek hartu dute parte, OTRI kontratu baten bidez, Espainiako Trenbideen Fundazioaren eta RENFEren proiektu batean. Proiektua Espainiako Gobernuaren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak finantzatutako trenbideko errepresio frankistari eta memoria historikoari buruzkoa da.

zoom Ferrocarril1

Bermeo – Sukarrieta (Bizkaia) trenbideko preso destakamentuan, 1953tik 1956ra bitartean. Argazkia: Trenbidearen Euskal Museoa.

Zehazki, ikertzaileek trenbideetako azpiegituretan presoen eta gatibuen bortxa-lanaren berri ematea zuten helburu nagusia. Horretarako, lan horien errolda egin dute eta lan egitera behartuta egondako ehunka gatiburen zerrenda egin dute (dozena batzuk Altsasun). Proiektuaren emaitzak trenbideko memoria historikoari buruzko webgune batean jaso dira. Pertsona horiei buruzko ia 90.000 erregistro dituen datu base bat dago webgunean. Horretaz gainera, NUPeko ikertzaileek gai horri buruzko dokumental honetan hartu dute parte:  “Los hijos del hierro”. Dokumentala irekian ikusten ahal da Youtube-ren bidez. Bestalde, Nafarroako memoria historikoari buruzko webgunearen bidez lehen aipatutako Altsasuko gatibuen fitxetara sartzen ahal da “gatibu lekua” bilatuz eta Nafarroako herria jarriz.

zoom Ferrocarril2

Bustarviejoko (Madril) preso destakamentua, Burgos – Madril trenbidea eraikitzeko, 2017an lortutako irudia. Argazkia: Fernando Mendiola.

Ikertzaileen arabera, “erregimen frankista trenbideetako langileen lanaz baliatu zen, gatibu baitzeuden bai kontzentrazio sisteman (kondena gabeko gatibuak), bai espetxe-sisteman (kondena zuten presoak), eta ezaugarri bat zuten denek: matxinada militarraren kontrakotzat hartuak zirela Mugimendu Nazional Loriatsua deritzonaren etsaiak erregimen frankistaren erretorikaren barruan”. “Bortxa-langileen erroldan eta trenbide-azpiegituretan egindako lanetan aurrera egiteko oinarri metodologikoak eta horiek ezagutzeko dokumentu-iturriak eman dizkiogu proiektuari, argi eta garbi azalduta nola antolatu zuen frankismoak bortxa-lana, oro har, eta trenbidean zuen berezitasuna”, adierazi dute.

Errepresaliak trenbideko langileei

“Los hijos del hierro” ikus-entzunezkotik ondorioztatzen denez, Espainiako gerra zibila hasi eta gero, trenbidearen sektoreko garbiketak 82.831 profesionalei eragin zien, hau da, une hartan zeuden trenbide enpresetako plantilla guztien % 88ri. Ehuneko horretatik % 26 zigortuak izan ziren, osotara 24.428 langile (6.782 zerbitzutik aldenduak eta kaleratuak izan ziren eta 6.500 zigortuak izan ziren bizilekua eta/edo zerbitzua aldatuz).

Ekimenaren bultzatzaileek azaltzen dutenez, “garbiketa-prozesu hori gerraosteko Espainiako enpresa-panoramako garrantzitsuenetakoa izan zen, bai langile-kopuruagatik, bai Renfe baino lehenagoko enpresa emakidadunen garrantziagatik (lau enpresa nagusiak Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de España, Compañía del Ferrocarril Madrid, Zaragoza y Alicante, Compañía de los Ferrocarriles Andaluces eta Compañía de los Ferrocarriles del Oeste de España) eta bai ukitutako langileen sakabanatze geografikoagatik”.