Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Vitis Navarra mahatsondo mintegia dira LowpHWine I+G+B proiektuan parte hartzen ari diren Nafarroako bi erakundeak. Proiektuaren izenburua honako hau da: “Ardoen azidotasunaren orekari eta klima beroetan kalitatearen eta egonkortasunaren bermeari eragiten dioten eta lurzoruarekin, landarearekin eta mikrobiota enologikoarekin lotuta dauden faktore berrien azterketa”, eta klima-aldaketagatik ardoetan azidotasuna galtzea nola saihestu ikertuko du. Pago de Carraovejas upeltegia du buru proiektuak (Peñafiel, Valladolid, Ribera del Duero jatorrizko izendapenaren barnean), eta enpresa-partzuergo batek sustatu du. Partzuergo hori ardogintzaren sektoreko zortzi enpresak eta estatuko hamar ikerketa-zentrok osatzen dute.

zoom Gonzaga Santesteban ikertzailea (ezk.) eta Rafael García Vitis Navarraren zuzendari teknikoa eta jabea

Gonzaga Santesteban ikertzailea (ezk.) eta Rafael García Vitis Navarraren zuzendari teknikoa eta jabea, NUPeko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean

Klima-aldaketak ezarritako baldintza berrien aurrean ahulena den laboreetako bat da mahastia, latitude oso zehatz batera mugatutako nekazaritza-jarduera baita, eta, batez ere, eskualde beroei lotua. Ekoizpenari dagokionez, klima-aldaketak gero eta eragin handiagoa du mahatsondoaren fenologian eta mahatsaren osaeran. Hala, urtez urte azidotasun txikiagoa eta pH altuagoa nabari dira mahatsean, eta azkenik ardora pasatzen da. Ondorioz, mahatsaren kalitate sentsorialari eragiten dio, eta ardoan nahi ez diren mikroorganismoak agertzeko arriskua areagotzen du. Proiektuak, beraz, egon daitezkeen soluzio zientifiko-teknologikoak aztertuko ditu pH-aren igoera hori doitzeko eta/edo kontrolatzeko, lurzoruak, landareak eta ardoak osaturiko trinomioari eraginez. Besteak beste, hauek aztertuko dira: barietatearen eragina, lurzoruaren biodibertsitatea, laborantza-jarduerak eta faktore enologikoek eta azido-base orekaren bilakaerak ardogintzan duten eragina.

Proiektuak 6 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroaren (CDTI) CIEN Programa Estrategikoaren esparruan garatuko da. Proiektua gauzatzeko epea 48 hilabetekoa da, 2020ko irailetik 2024ko abuztura artekoa, eta hiru mugarri tekniko-ekonomikotan dago banatua.

Parte-hartzaileak

Upategi koordinatzaileaz —Pago de Carraovejas—, NUPez eta Vitis Navarra mintegiaz gainera, Roda, Barbadillo eta Hoyada de Lobos upategiek, ongarrien enpresa batek (Fertinagro Biotech), nekazaritza jasangarrirako mikroorganismoen enpresa bioteknologiko batek (Atens) eta ekipamendu eta produktu enologikoak ekoizten dituen enpresa batek (Productos Agrovin) ere osatzen dute partzuergoa.

NUPek eta Vitis Navarrak elkarrekin eginen dituzten lanen helburua RG txerto-euskarri berriek eta tenpranillo barietateko biotipoen bankuak eskaintzen dituzten aukerak aztertzea da, pH txikiagoa duten eta klima-aldaketara hobeki egokitzen diren ardoak sustatzeko. Gainera, NUPeko “Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak” ikerketa-taldeak, Gonzaga Santesteban ikertzailea buru duela, batetik, esku hartze zuzena du , Bodegas Rodarekin batera, mahatsean metatzen den gehiegizko potasioa murrizteko laborantza-estrategien ebaluazioan –katioi horrek potasioa gehiegi areagotzea eragiten baitu, bereziki tenpranilloan–, eta, bestetik, Hoyada de los Lobosekin batera, Fuentenebroko barietate lokalen berreskurapenean eta ebaluazioan.

NUPez gainera, unibertsitate hauek ari dira parte hartzen ikerketa-talde gisa: Madrilgo Konplutentsea, Madrilgo Politeknikoa, Leongoa, Gaztela-Mantxakoa eta Valentziakoa. Horiez gain, Ardoaren Zentro Teknologikoa (VITEC), Mahatsondoaren eta Ardoaren Institutua (ICVV), Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Institutua (IRTA) eta Segurako Edafologiako eta Biologia Aplikatuko Zentroa (CEBAS-CSIC) ere ari dira parte hartzen proiektuan.