Joan eduki nagusira

Ikertzaile taldeko kide den Katrin Simón Elorz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea eta INARBE institutuko kidea, Koronabirusaren konfinamenduan zehar Espainiako eta Portugaleko ardo kontsumoari buruzko artikulu zientifiko baten egilea da. “Spanish Journal Agricultural Research” aldizkarian agertu den testuan aztertzen da nolako eragina izan duten faktore psikologiko eta kulturalek edari alkoholdunen kontsumoaren maiztasunaren gorakadan Iberiar Penintsulan. Azterketa bi herrialdeetan egindako 4.500 “online” galdetegi inguruan oinarritu zen.

zoom Consumovino

NUP.

Ikertzaileek diotenez, gorakada hori bultzatu duten faktoreak ez dira sentimendu negatiboak edo birusak sortutako osasunarekiko kezka, baizik eta ardoaren kontsumoak plazerarekin duen lotura eta erlaxazioa, bereziki osasun krisiaren aurretik pertzepzio hori zuten pertsonen artean. Horrek esan nahi du desberdintasun nabaria dagoela aurretik aztertutako beste hondamendiei dagokienez, hala nola: irailaren 11ko atentatuak, tsunamiak edo lurrikarak. Azken hondamendi horiek bai inplikatu zuten bizitza galtzeko muturreko arrisku bat, eta modu batean edo bestean indarkeria agertu zen. Gainera, koronabirusaren krisiaren kasuan ez zitzaion aurre egin behar izan produktu mota horien hornidura faltari.

Teknologiaren erabilera eta bi herrialdeen arteko desberdintasunak 

Beste alde batetik, teknologiak funtsezko zeregina dauka kontsumoaren gorakadan, artikuluan agerian jartzen den moduan. Konkretuki, aipamena egiten zaie “elkarretaratze digital”-ei (denbora tarte konkretu batera mugatuta), aplikazio espezializatuei eta “online” erosketei. Azken horien erabilerak gora egin du bi herrialdeetan (Espainian ardoaren erosketak gora egin zuen denda fisikoetan ere) eta oraindik erabiltzen dira. Hala eta guztiz ere, ikertzaileek adierazten duten moduan, adinez adin aztertu beharko da alderdi horretako arrakala digitala.

Gainera, artikuluan bi herrialdeen arteko beste desberdintasun batzuk azaltzen dira. Hala ere, bi herrialdeek antzekotasunak dituzte, bai kulturalki nola bizimoduari dagokionez, haien izaera mediterraneoarengatik. Hala, Portugalen adinak eta lan-egoerak kontsumoaren gorakadarekin lotura izan zuten arren, Espainian ez zen horrelakorik gertatu. Gainera, Espainian, kontsumoaren maiztasunaren gorakada ez zen hain  esanguratsua izan hiriguneetan.

Azkenik, ikertzaile taldeak honako hau adierazten du: “Beharrezkoa izanen da azterketa osagarriak egitea kontsumitzeko patroian aldaketak mantentzen edo mantentzen ez diren balidatzeko behin pandemia bukatzean. Horrek informazioz hornituko ditu sektoreko enpresak haien estrategia diseinatzeko orduan.”

Artikulua egin duen taldea, Katrin Simonez gainera, honako hauek osatzen dute: João Rebelo, Samuel Faria, Tânia Gonçalves (University os Tras-os-Montes e Alto Douro), Raúl Compés (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa) eta Vicente Pinilla (Zaragozako Unibertsitatea).