Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikerketa-talde batek idatzia da nazioarteko “Foods” aldizkarian argitaratu berri den “Osasunerako onak diren dieta jasangarriak ebaluatzeko adierazleak eta gomendioak” izeneko artikulua. Artikuluaren egileak ikertzaile hauek dira: Maite Martínez Aldaya, Francisco Ibáñez Moya, María Teresa Murillo Arbizu, Beatriz Soret Lafraya eta María José Beriáin, denak ere NUPeko IS-FOOD Institutuari atxikiak, Mar Rubio Varas INARBE Institutukoa, eta Paula Domínguez Lacueva, Agrobioteknologia Institutukoa (IdAB-CSIC).

zoom Artikulua idatzi duten ikertzaileak

Artikulua idatzi duten ikertzaileak, NUPeko Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: Francisco C. Ibañez, Paula Domínguez Lacueva, María José Beriain, Maite M. Aldaya, Mar Rubio Varas, Beatriz Soret eta María Teresa Murillo-Arbizu

Artikuluan, sistematikoki berrikusten da osasunerako onak diren dieta jasangarrien inguruan argitaratutako literatura, duela zenbait urte gaiari buruzko lehenbiziko ikerketak plazaratzen hasi zirenetik gaurdainokoa. Horretarako, PRISMA izeneko metodologia erabili da (Preferred Reporting Items for Systematic Reviews and Meta-Analyses), gai jakin bati buruzko kalitate hobereneko eduki zientifikoaren ebidentziak lortzeko balio duena. Berrikusketak agerian jartzen du ez direla beti adierazlerik egokienak erabili, ustez osasungarriak eta jasangarriak diren dietei buruzko ikuspegi osatua izateko. Izan ere, ikertzaileen esanean, dietei buruzko azterlan gehienek praktikan “ingurumenarekin lotutako alderdi bat edo gutxi batzuk baizik ez dituzte kontuan hartzen, adibidez berotegi-efektuko gasen emisioak (karbono-aztarna) edo uraren erabilera (ur-aztarna), baina ez dituzte aintzat hartzen beste sektore edo baliabide batzuetan izaten ahal dituzten inpaktuak”.

Gainera, ikertzaileek diotenez, “halako dietek normalean ez dituzte kontuan hartzen beste alderdi batzuk, hala nola tokiko eta sasoiko elikagaien kontsumoa, agrobiodibertsitatea, elikagai ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa, eta abelazkuntzako sistema mota batzuk, zeinak garrantzitsuak baitira dieta-aldaketa gomendatuek ingurumenean ondorio kaltegarririk izan ez dezaten”. “Ingurumen-arlo guztiak barnean hartuko dituen sistema-ikuspegi bat behar da elikadura-sistema erresilienteak eratzeko”, esan dute azkenik ikertzaileek.

Malnutrizioa eta ingurumenaren hondatzea

Artikuluan adierazten denez, munduko elikadura-sistemak kontsumitzen du Lurreko ur geza gehien, berotegi-efektuko gasen emisio guztien herena eragiten du gutxi gorabehera, eta hormarik gabeko lurrazalaren erdia-edo hartzen du. Bestalde, nekazaritza-jardunbide intentsibo eta ez-jasangarriek biodibertsitatearen galera ekartzen ahal dute. “Horregatik, garrantzitsua da elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko jardunbideak eredu jasangarrietara bideratzeko adierazle egokiak identifikatzea”, diote ikertzaileek.

Osasunari dagokionez, kalkuluen arabera, gaur egun 821 milioi lagun daude urri elikatuak, bost urtetik beherako 151 milioi umek pairatzen dute hazkundearen geratzea, eta 15 eta 49 urte bitarteko 613 emakumezkok burdina urritasuna dute; kontrara, 2 mila milioi helduk dute gehiegizko pisua edo 2 motako obesitatea.

Horiek horrela, “oraingo dieta-ereduen ordez elikadura-sistema jasangarri eta zirkularretan oinarritutako dieta osasungarrietara aldatzea aukera ezin hobea da Lurraren mugak ez gainditzeko eta Nazio Batzuen Garapen Jasangarriko Helburuak, Parisko Hitzarmenarenak eta Europako Itun Berdearenak erdiesteko”, adierazi dute ikertzaileek.