Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Yaneth Cardona Rodríguez (Kolonbia), Ana Claudia Simões Da Mota (Portugal) eta Liliana Lai (Italia) “Iberus Talent” nazioarteko doktoregaiak “Marie Skłodowska-Curie Actions (MSCA) Green Deal” izeneko “online” ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte uztailaren 6an eta 7an. Europako Batzordeak eta Europako Itun Berdearen, hots, Green Deal-en inguruko Ikerketa Agentzia Exekutiboak antolatutako estrategia horrek klima-aldaketari eta ingurumenaren degradazioari aurre egitea du helburu. Ekitaldian, hainbat adituk elkarrekin partekatuko dituzte beren ikerketak, dibertsitateari, klima-aldaketari, nekazaritza jasangarriari, lurzoruen osasunari, energia garbiari, kutsadurari, klimaren aldeko ekintzari eta kutsagarria ez den garraioari buruzkoak. 

zoom AnaClaudia

Ana Claudia Simões Da Mota, NUPen.

Horrela, Yaneth Cardonak bere doktoretza-tesiaren orain arteko emaitzarik aipagarrienak aurreratuko ditu, eragin handiko nazioarteko aldizkarietan argitaratuak (“Reviews in Chemical Engineering”, “Applied Clay Science” eta “Chemical Engineering Journal”). Funtsean, bere ikerketen helburua “aluminiozko iturri ez-konbentzional batetik abiatuta buztin pilareztatuak sintetizatzea eta material horiek sortzen diren kutsatzaile organikoak adsortzio eta fotodegradazio katalitikoaren bidez deuseztatzeko erabiltzea” da.

Bestalde, Ana Claudia Simões Da Mota ongarritze organikoa nekazaritzako lurzoruaren kalitatearen ikuspegitik ikertzen ari da, eta bere lanean lortutako emaitzetako batzuk azalduko ditu, Nafarroan lurzoruen kalitatearen arloan egin duen ebaluazioari buruzkoak. 

zoom Yaneth

Yaneth Cardona Rodríguez, NUPen.

Azkenik, Liliana Lai –gaur egun ikerketa-egonaldi bat egiten ari da Parisen (Frantzia)– jatorri mikrobiarreko eraginkortasun handiko bioinsektizidei buruz mintzatuko da, horixe baita bere doktoretza-tesiaren gaia. Zehazki, Bacillus thuringiensis bakterioaz arituko da, intsektuen, nematodoen eta akaroen kontrol biologikorako erabiltzen dena. 

35 Iberus Talent ikertzaile Campus Iberusen

Hiru ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ari dira doktoretza-tesia egiten, Campus Iberus unibertsitate partzuergoak nazioarteko talentua erakartzeko sortutako “Iberus Talent” programari esker. NUPek eta Europar Batasunak batera finantzatutako ekimena da, Horizon 2020 programaren Marie Sklodowska-Curie ekintzen barnean (ikertzaileek prestakuntza jasotzeko eta mugikortasun egonaldiak egiteko hainbat ekintza biltzen ditu programa horrek).

Ekintza horri esker, Campus Iberusek prestakuntzako 35 ikertzaile eraman ditu osotara Campusa osatzen duten unibertsitate publikoetara (Zaragozako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea), mugikortasunaren baldintzapean (ezin dira Espainiako biztanleak izan). NUPek hartu dituen hamaika doktoregaiak atzerritarrak dira, haietako bederatzi Europar Batasunetik kanpokoak.