Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle diren Alba Gil Solísek, Fernando Jiménez Murok, Andrea Pérez Riverak eta Denisse Janina Samaniego Jiménezek osatutako taldeak ERPsim lehiaketaren azken fasera iristea lortu du. Lehiaketa hori enpresa-simulazioko joko bat da, non parte-hartzaileek enpresa bat gidatu behar duten egiazko ERP batekin (enpresa-baliabideak antolatzeko software batekin). Mundu osoko 15 talde lehiatuko dira 13th ERPsim International Competition izeneko lehiaketaren azkeneko fasean, 2021eko ekainaren 10ean (osteguna).

zoom NUPeko taldekideen argazki bat (lagatako argazkia).

NUPeko taldekideen argazki bat ERPsim Iberoamerica Competition lehiaketako une batean. Ezkerretik eskuinera: Andrea Pérez, Alba Gil, Denisse Janina Samaniego eta Fernando Jiménez (lagatako argazkia).

Alba Gil, Fernando Jiménez, Andrea Pérez eta Denisse Janina Samaniego Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako Unibertsitate Masterra ikasten ari dira NUPen. Haien irakasle Andrea Ollo Lópezek aipatu zien lehiaketan parte hartzeko aukera. “Esperientzia ona da ikasleentzat —dio— masterrean ikasitakoa praktikan jartzen baitute, batetik, eta, jokoan mundu osoko jendeak parte hartzen duenez, beste unibertsitate batzuetako ikasleekin partekatzen baitituzte iritzi eta zalantzak, lehiaketaren antolatzaileek harremanetan jartzen dituzte-eta parte-hartzaile guztiak sare sozialen bidez”.

NUPeko taldea bigarren gelditu zen ERPsim Iberoamerica Competition atalean, hau da, lehiaketako bost lurralde-eremuetako batean, non Latinoamerikako, Karibeko, Espainiako eta Portugalgo unibertsitateetako ikasleak sartzen baitira. Gainerako lau eremuak Ipar Amerika, Ipar EMEA (Europa, Erdialdeko Ekialdea eta Afrika), Pazifikoko Asia eta Txina dira. Eremu bakoitzeko lehenbiziko hiru finalistak ekainaren 10ean lehiatuko dira ERPsim Internacional Competition izenekoaren 13. edizioan, eta enpresa-simulazioko software bera erabiliko dute.

SAP User Group Executive Network (SUGEN) sareak modu honetan saritzen ditu lehiaketarako sailkatu diren taldeetako kideak: SAP softwarearen mundu osoko erabiltzaileen sare horren kide eginez sei hilabetez, eta, beraz, aukera emanez sare horretan antolatzen diren prestakuntza-jarduera eta -ikastaro guztietan doan parte hartzeko.

Lehiaketan sartu ahal izateko, simulagailua aldez aurretik ezagutu behar dute ikasleek, eta parte hartzen duen unibertsitate bakoitzeko irakasle batek haren erabileraren ziurtagiria eduki behar du. “Irakasle gisa ere —dio Andrea Ollok— esperientzia bikaina da niretzat, aukera ematen baitit simulagailu bera darabilten irakasleekin jarduteko eta ideiak trukatzeko, batetik, eta, bestetik, ikusteko ikasleak gauza ote diren enpresa-estrategia on bat prestatu eta gauzatzeko, nik irakatsi diedanarekin eta lehiaketan zehar ematen diedan laguntzarekin”.

Enpresa-simulagailua

ERPa enpresa-simulagailu bat da (Enterprise Resource Planning, enpresa-baliabideen antolatzailea). Zehazki, ERPsim Manufactured Extended izeneko simulagailua erabiltzen da lehiaketa honetan, eta honako alderdi hauek hartzei buruzko erabakiak hartzeko balio du: plangintza, erosketak, produkzioa, salmentak, banaketa, produktuen diseinua, finantzak eta inbertsioa. Merkatua, berriz, bezero askokoa da, portaera aldatzen duten bezeroak dira, eta lehengaien prezioek ere gorabeherak izaten dituzte. Bestalde, garrantzi berezia ematen zaio enpresa-estrategia garatzeari eta gauzatzeari.

Simulagailuan, gaur egun egiaz erabiltzen den ERP batekin gidatu behar dute ikasleek enpresa (SAP® softwarearekin). Talde bakoitzak hornidura-kate jakin bateko enpresa bat du ardurapean, eta hornitzaileekin eta bezeroekin aritu behar du lanean, eskariak bidaliz eta jasoz, produktuak entregatuz eta negozio ziklo osoa eginez.

Salmenta-prozesua simulazio programa informatiko batek automatizatzen du, eta enpresa bakoitzak eskari pila bat jasotzen ditu simulazio txanda bakoitzean. SAP® softwareko funtzio administratibo batzuk ere automatizatuak daude; hala, enpresa-erabakiak hartzen jartzen ahal dute arreta ikasleek, ERP sistema konplexu baten transakzio ugariak egiten aritu ordez. ERP sistemaren transakzio arruntak eta txosten pertsonalizatuak konbinatuz, informazioa aztertu eta enpresa-erabakiak hartu behar dituzte ikasleek eragiketak errentagarriak direla bermatzeko.

Jokoak ikasketa-helburu bat baino gehiago du: batetik, enpresa-sistemen azpiko kontzeptuak praktikan nolakoak diren ulertzea; bestetik, bertatik bertara esperimentatzea enpresa-integrazioak nolako onurak dakartzan; hirugarrenik, ERP softwarearekin trebetasun teknikoak eskuratzea; laugarrenik, taldean lan egiten ikastea; eta, azkenik, enpresa-estrategia garatzen, gauzatzen eta hobetzen ikastea denbora errealean eta enpresa-ingurune batean.